http://youtu.be/Qk9o2GawzwM
Asteburuan Euskal Herrira gerturatuko da Raimundo Amador (Sevilla, Espainia, 1959) gitarrista eta musikari entzutetsua. Gasteizen eta Bilbon ari ondoren, igandean Azpeitiko
Sanagustin kulturgunean ariko da, 19:00etatik aurrera. Saio intimoa iragarri du, flamenkoaren eta blues-rockaren artean, baina sentimendu handiarekin. Aurretik, Keu bakarlari ondarroarrak
Behe presioaren erdigunean diskoa aurkeztuko du zuzenean.
Medio hombre, medio guitarra da zure azken lana. Kontzertuak disko hori izango al du ardatz?
Azken diskoa aitzikia bat da kontzertuak eskaintzen jarraitzeko, nahiz eta emanaldietan ez naizen ari lan horretako abesti gehiegi jotzen. Oro har, nire musika ibilbideari errepasoa egingo diot. Kasu honetan, ez naiz gerturatuko musika talde osoarekin, baizik hirukote gisa, erdi akustikoan erdi elektrikoan. Nire seme Raimundorekin eta Lin Cortesekin partekatuko dut agertokia; hainbat gitarrarekin eta perkusioarekin ariko gara. Azkenaldian
formatu horretan ari naiz, eta, egia esan, ez dakit gustukoago ez ote dudan. Intimoagoa da, eta benetan ongi dago. Nik biziki gozatzen dut.
Medio hombre, medio guitarra izenburuak, behintzat, zure burua deskribatzen du.
Hala da. Normalean, batetik bestera ibiltzen naizenean gitarra daramat beti gainean. Nekez ikusiko naute ezer gabe. Hori benetan arraroa da, eta diskoaren izenburuak hori islatu nahi du.
Raimundo gitarrarik gabe ez al da Raimundo?
Tira, Raimundo erdia da, kar-kar.
Beste erdia gitarra espainiarra al da, ala elektrikoa?
Zatituta daude proportzio berdinetan, gitarra flamenkoaren eta gitarra elektrikoaren artean.
Adierazpen hori entzunda Gerundina (bere gitarra elektrikoaren izena da) ez al da jeloskor jarriko?
Ez, egoera onartuta dauka. Dena dela, Gerundinak nire gitarrarik kuttunena izaten jarraitzen du. Tamalez, gordeta daukat azkenaldian, eta ez dut kontzertuetara eramaten. Egia esan, ez du zuzenekoetarako gehiegi balio; grabazioetarako egokiagoa da, eta jotzekotan, Remedios Amaya edo Lole bezalako artisten saioetan. Enrique Morenteren zuzeneko batean Gerundinarekin jo nuen, eta sekulako akoplea egin zuenez, abesti hura ez zuten diskoan sartu. Sekulako amorrua eman zidan. Harrezkero, gutxitan erabili izan dut kontzertuetan.
Flamenkoko gitarrista
on bat izan ninteken,
baina beste bide bat hartu nuen"
Oker ez banago, zure lehendabiziko gitarra harri-kartoizkoa izan zen.
Bai, nire aitak AEBen Rotako base militarrean egiten zuen lan.
Tablao flamenko bateko gitarrista zen, eta bertan jarduten zuen. Aitak
western irudiz hornitutako gitarra gorri bat erosi zidan basean; indiarrak eta cowboyak ageri ziren kolore zuriz margotuta. Ez zen benetako musika tresna, jostailuzkoa baizik. Horren aurretik, kartoizko gitarrak egiten nituen. Aita basera joaten zenean, ezin izaten nuen haren gitarra jo, eta kartoizkoarekin konformatu behar izaten nuen. Orduan ez nuen uste horren urrutira iritsiko nintzenik.
Igandean 19:00etan emango du kontzertua Sanagustinen
BB King bluesman beteranoak munduko gitarrista onena zarela adierazi izan du.
Bai, hori esana du. Nik ez dut hala ikusten, baina berak hala uste badu, niretzat sekulako laudorioa da. 1995etik, urtero-urtero kolaboratzen dugu. Espainiara etortzen den guztietan elkarrekin egiten dugu bira, baita New York aldean ere. Tamalez, nahiko zaharra dago, eta azkenaldian ez du zuzeneko askorik eskaintzen. BB King nire aitabitxia da blusean, flamenkoan Camaron de la Isla den bezala. Pop musikan, berriz, Bjork dut amabitxi. Enrique Morentek ere bultzada handia eman zidan.
Zuretzako, agian, Jimi Hendrix eta Paco de Lucia dira onenak?
Bai, jakina. BB King ezagutu aurretik Jimi Hendrix entzuten nuen. Ondoren, horren guztiaren jatorria aztertzen hasi nintzen, atzera begira jarrita , eta John Lee Hooker, BB King, Albert King, Albert Collins eta aitzindari guztiak entzuten hasi nintzen.
Erreferentzia horiek gabe ezinezkoa izango al litzateke zure ekarpena, zure egin duzun flamenko-blues-rock fusioa, ulertzea?
Hor dago gakoa. Bete-betean harrapatu ninduen blues-rockaren istorio honek. Denbora asko nindoan flamenkoa jotzen, txiki-txikitatik, eta beste haize bat behar nuen. Jakina, flamenko gitarrista on bat ere izan ninteken, baina beste bide bat hartu nuen, eta ez dut damurik. Oso pozik nago naizenarekin. Hori horrela izanda ere, flamenkoaren espiritua ez duzu sekula galtzen.
Bestalde, estreinatu berri den Guitarra de palo dokumentalean agertzen zara. Zer moduzko esperientzia izan da?
Ia ez nintzen enteratu ere egin nola grabatu zuten, baina ondoren ikusi dut eta asko gustatu zait. Datorren apirilean New Yorken aurkeztuko dugu; bira txiki bat eginez, dokumentalean parte hartu dugun musikari guztiok.
Era berean, Seguridad Social taldearen 30. urteurreneko diskoan hartu duzu parte. Chiquilla abestia egin duzu, Bunburyrekin batera.
Bai, baina txerri horiek ez didate oraindik diskoa pasa. Oraindik ez dut entzun... Ongi geratuko zela pentsatzen dut. Bertan gitarra baino ez dut jotzen, ez baitut abesten. Azkenaldian, ordea, flamenko artistak ari zaizkit gonbidatzen beraiekin abestera; besteak beste, Panchiquito, Los Cherokee eta Los Fresquitos taldeen diskoetan aritu naiz. Grazia handia egiten dit, ez dudalako nire burua abeslaritzat. Blues-rock abesti bat kanta dezaket, baina flamenkoari errespetu handia diot, beldur pixka bat ere bai.
Cantaore edo flamenko-kantaria baino gehiago naiz trobadorea.
Zure azken diskoa duela urte argitaratu zenuen. Abestiak egiten hasi al zara?
Bai, material dezente dut bilduta, baina oraindik ez dut ezer zehaztu, ezta noiz argitaratuko dudan erabaki ere. Nolanahi ere, handinahikeria handirik gabekoa izango da; hau da, oso etxekoa.
Tocata moduko zerbait izango da, oso informala eta naturala. Hori bai, disko instrumentala izango da. Pata Negra taldean abestu gabeko kanta asko egiten genituen, eta disko osoa hala egitea erabaki dut. Ohi bezala, hainbat musika estilo fusionatuko dut, baina modu instrumentalean argitaratzeko luxua hartuko dut. Autoekoizpena izango denez, nahi dudana egingo dut.