Lapatx Zabortegiak azoka plazan egoitza jartzeko akordioa onartu dute

Nerea Uranga 2013ko azaroaren 7a

Hitzarmenari esker, azoka plazako bigarren solairuan izango du egoitza Lapatx Zabortegiak (Nerea Uranga/Hitza) Azpeitiko Udalak Urola Erdiko Lapatx Zabortegia S.A.-k bere egoitza Azpeitiko Berdura Plazan jartzeko hitzarmena egingo du. Akordioa alde guztiek (EH Bildu, EAJ eta Hamaikabat) aho batez onartu zuten herenegun, ohiko udalbatzarrean. «Lapatx Zabortegia soziedadeak bere jarduna garatzeko egoitza baten beharra badaukala azaldu digu», azaldu zuen plenoan Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak. «Eta berria egin beharrean herriko azoka plazan horretarako tokia utziko dio udalak». Hitzarmenaren bidez Lapatx Zabortegiari hamar urtez azoka plazako bigarren solairua utziko dio udalak. Baina alokairua ordaindu beharrean, azoka plazan eraberritzeko eta egoitza egokitzeko obrak egingo ditu sozietateak. «Azoka plazak eraberritzeko behar handia du, segurtasun arazoak ditu, eta herriko erdigunea da. Ea hitzarmen hau aprobetxatzen dugun hori guztia uztartzeko», esan du alkateak. Gainontzean, ez zuen azaldu alkateak hitzarmenak azoka plazan zertan eragingo duen, ezta sozietateak egingo dituen obrak eta hartuko duen espazioa zenbatekoa izango den ere. Dena den, udalak azterketa batzuk martxan jarrita dituela esan zuen, «edukiaren inguruko azterketak eta». Zabortegia udalerrian izateaz gain, herriari beste zerbait eskaintzeko beharra dagoela uste du alkateak. «Beste eskualde batzutan ere era honetako planteamenduak egin dira». Beste hitzarmen batzuk Beste erakunde edota eragile batzuekin hitzarmena egitea ere onartu zuten plenoan. Aho batez onartu zuten udalak Bertan Azpeitiko Merkatari Elkartearekin akordioa egitea. Iñaki Portilla Merkataritza zinegotziak azaldu zuenez, orain arte udalak Bertan elkarteari laguntza dekretu bidez ematen zion, eta orain hitzarmen bidez emango dio. «Hitzarmen bidez Bertani ematen zaion diruak bi helburu nagusi ditu: batetik, Bertan elkartearen gastu arruntak ordaintzea; eta, bestetik, hainbat ekitaldi antolatzea». Gero, diru horren %80 Eusko Jaurlaritzatik jasotakoarekin estaltzen dela argitu zuen Portillak, eta udalak %20 gehi BEZ ordaintzen duela. Hitzarmenak duen berritasun baten berri ere eman zuen: «Denon Artean prozesuan hainbat kontu proposatu zuten Bertanetik, eta udalak hoiek onartu ditu: lehiakortasuna sustatzea merkataritzan, Alde Zaharra biziberritzea, eta udalak horretan laguntzeko bidea jartzea». Beste hitzarmen bat ere onartu zuten plenoan: Azpeitiko Udalaren eta Udalbiltzaren artekoa. Hau, ordea, EH Bildukoen botoekin onartu zen; EAJkoek eta Hamaikabatekoak kontra bozkatu zuten. Hitzarmenaren bidez, udalak Udalbiltza diruz lagunduko du. Alkatearen arabera, Udalbiltzaren helburuak «ez dira partidistak», eta «Euskal Herriaren alde pausoak emateko helburu publikoak dira». Azpeitiko Udalak lehen ere «horrelako erakundeak, bai Udalbiltza eta baita Udalbide ere» lagundu dituela gogorarazi zuen Etxeberriak, eta hitzarmena onartzea proposatu zuen. Baina EAJ ez zen bat etorri. «Udalbiltzaren helburuekin ez gatoz bat, eta, gainera, herrian inbertitzeko aurreragoko lehentasunak baditugula uste dugu», arrazoitu zuen kontrako botoa Aitor Gorrotxategik. Hamaikabateko Aitor Aranguren ere kontra azaldu zen: «Horrelako erakunde bat ez dut ikusten. Nahiko arkitektura instituzional konplikatua badaukagu lehen ere Euskal Herrian, batekoa eta bestekoa. Nik uste dut lehendik badauzkagula nahiko erakunde herria eraikitzeko, berriak sortu beharrean».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide