[
Uztarria.com] Euskal Herriko eta inguruetako tuba eta bonbardino jotzaileek, adin eta maila guztietakoek, bihar eta etzi Tuba Jaialdia egingo dute Azpeitian, laugarren urtez. Bihar hasiko dute jaialdia,
master class ikastaroarekin.
Jaialdiaren aurkezpeneko irudi bat (Mailo Oiarzabal/Uztarria.com)
Ikastaroa tubaren eta bonbardinoaren zortzi maisuk emango dute, hiru orduko bi saiotan banatuta. «Saio bakarrean aritu nahi dutenek 30 euro ordaindu beharko dute, eta bietan aritu nahi dutenek 50. Oso merkea da era horretako ikastaro batentzat, ezohikoa. Gainera, bazkaria ere prezioaren barruan sartu dugu», esan du antolakuntza taldeko Agustin Jimenez azpeitiarrak. Ikastaroan zein jaialdian parte hartu nahi dutenek
tubajaialdia@hotmail.com e-posta helbidera idatzita eman dezakete izena, baita behar duten informazioa eskuratu ere.
Jaialdiaren biharko jardunaldia borobiltzeko, pianoz lagundutako tuba entzunaldia izango da Betharramen, 19:30ean. Beñat Etxabe, tuban Euskadiko gazte mailako txapelduna, eta Ana Garcia piano-jotzailea dira parte hartuko dutenak. Horrez gain, tuba-bonbardinoaren aitzindari moduan ezagutzen den ofigleiro edo figle izeneko instrumentua ezagutzeko aukera egongo da, Oscar Abellaren eskutik.
«Tubaren inguruko festa»
Larunbatean jaialdiarekin segiko dute. «Tubaren inguruko festa eguna» izango dela aurreratu dute antolatzaileek. «Iaz ipar eta hego Euskal Herriko 47 musikari elkartu ginen. Oso egun polita izaten da», esan du Jimenezek. Aurten esperientzia ona berritzea espero dute. Etzi, goizez eta arratsaldez ariko dira musikariak kontzertua prestatzen, Tuba Jaialdiko ekitaldi nagusia. Soreasun egingo dute emanaldi nagusia, 19:30ean. Kontzerturako errepertorioa osatzearen ardura Juan Carlos Ribelles maisuarena da aurten ere. «Ikus-entzuleek eta musikariek ondo pasatzea» da aukeraketaren irizpidea. Besteak beste, Benito Lertxundiren potpourri bat, Juan Carlos Perezen eta Ravelen piezak, eta zinemako soinu-banda ezagunak joko dituzte kontzertuan.
Antolatzaileek eskerrak eman dizkie Tuba Jaialdia egiten lagundu dieten denei; tartean, Azpeitiko Udalari eta Arauntza soziedadeari. Jaialdian otorduetarako topaleku izango da bigarrena.