Erretiratu talde batek bat egin du azaroaren 9rako manifestuarekin

Nerea Uranga 2013ko urriaren 22a

Azaroaren 9ko manifestazioarekin bat egin duen herriko erretiratu taldea, agerraldian (Mailo Oiarzabal/ Uztarria) Elkar-ekinen bidez Azpeitiko hainbat sektoretako eragileek azaroaren 9an protesta egitera deitu dituzte herritarrak, Azpeitian bizi eta lan, duintasuna herritarrentzat lelo hartuta. 18:30ean aterako da manifestazioa plazatik. Mobilizazioarekin eta ordurako ateratako manifestuarekin bat egiten ari da herriko hainbat eragile eta norbanako. Horren harira, herriko zenbait erretiratu ere elkartu eta agerraldia egin du, manifestazioarekin atxikimendua adieraziz. Erretiratuei eragindako murrizketak salatu dituzte, beste ezer baino lehen. «Bildu garen jubilatuok Madrildik ezarri nahi diguten pentsio erreforma eta botiken berrordainketaren aurrean haserrea adierazi nahi dugu». Pentsioen erreforma legea «gutxi batzuk aberasteko eta banketxe handiei dirua emateko» pentsatuta dagoela salatu dute elkartu diren azpeitiar erretiratu taldeak. «Horren adierazle garbia da, estatistikek diotenez, lehendik ere aberats zirenak gero eta aberatsago ari direla bihurtzen, eta pobrezian eta prekarietatean bizi direnak gero eta gehiago direla». Erretiratuen eta pentsiodunen pentsioa izozteak haien erosteko ahalmenaren galera dakarrela, eta horrez gain orain arte lortutako eskubideen urraketa. Botiken berrordainketa ere salatu dute, osasun zerbitzua pribatizatzea dakarrelako. «Osasuna negozio bilakatuz, farmazia etxe handien mesederako eta, bereziki, adinean aurrera goazenon kalterako». «Gutxi batzuen diru goseak ekarri duen krisiaren eta langabeziaren ondorioz», jubilatu askok seme-alaben familiaren zaintza eta mantenua euren gain hartu behar izan dutela ere kritikatu dute. «Kasu batzuetan, gainera, seme-alaben etxebizitzaren mailegua ere jubilatuok geure gain hartu behar izan dugu. Hau oso larria da». Erakunde publikoei eskaera Kontuak gordinak direla eta, erakunde publikoei eskatu diete herritar guztientzako oinarrizko behar sozialak, oinarrizko errenta, etxebizitza, hezkuntza eta osasun zerbitzua ziurtatzeko. Era berean murrizketei «tinko aurre egitea» ere galdegin diete. «Geuk erabaki eta geuk antolatzeko ahalmena izatea exijitzen dugu», adierazi du azaroaren 9ko manifestazioari atxikimendua eman dion azpeitiar erretiratu taldeak. Elkartasunerako garaia «Langabezian gelditu diren langileei, lan bila dabiltzan gazteei, etorkinei, emakumei, pentsio eskasarekin daudenei, eta egoera larrian etxean isilik daudenei» elkartasuna ere adierazi diete Sindikatu Zaharrean egindako agerraldian. Azaroaren 9rako deitutako manifestazioaren aldarriarekin bat egin dute: «Gure ondorengoek herrian lan eta herrian bertan bizitzeko duten eskubidea bermatzea eskatzen dugu, etorkizuneko eredu ekonomiko justuago eta solidarioago batean».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide