Gipuzkoako txorizo lehiaketa egingo dute zortzigarren Ardo Egunean

Nerea Uranga 2013ko urriaren 22a

Aurkezpeneko une bat (Nerea Uranga/Hitza) Datorren larunbat eguerdi partean ardo dastaketa egingo dute Azpeitian. Aurten, gainera, Gipuzkoa mailako egosteko txorizoaren lehiaketa egingo dute. «Iazko Ardo Egunean herriko harakinek egindako txorizoarekin ahalegina egin genuen. Aurten pauso bat aurrera eman, eta Gipuzkoa mailako lehiaketa antolatu dugu zortzigarren Ardo Egunean», esan du Mikel Ibarzabal Azpeitiko festetako zinegotziak. Ardo Eguna larunbatean 11:30etik 14:30era artean egingo dute Azpeitiko plazan. 21 upategitako 23 ardo mota dastatzeko aukera egongo da. Edatekoa laguntzeko, gazta postuak jarriko dituzte eta Azpeitiko Gaixo eta Elbarrien Aisialdiko Taldeak postua jarriko du, ogitartekoekin eta pintxoekin. Era berean, Azpeitiko Udalak eta Gipuzkoako Harakinen eta Urdaitegien elkarteak Gipuzkoako txorizo egosiaren lehiaketa egingo dute. Joan den ostiralerako 15 harakinek zuten lehiaketan parte hartzeko izena emanda. Baina lehiatu nahi direnek eta oraindik izena eman ez dutenek bihar arterako epea dute horretarako. Azpeitiko Udalera deitu behar da (943-157068) edota harakinen elkartera (943-425557). Lehiakide bakoitzak egosteko txorizoaren bi kilo aurkeztu beharko ditu parte hartzeko. Txorizoa egosteko lanak Gaixo eta Elbarrien aisialdi taldekoek egingo dituzte.«Udalak utzita edota elkarteetatik ekarriko ditugu sukaldean egiteko tresnak, eta iaz bezalaxe egingo dugu aurten ere», azaldu du Gregorio Mozok.   Valentin Odriozola harakinaren arabera, epaimahaikideek baloratuko dutena «egosi ondoren txorizoak duen testura, zaporea eta mozterako orduan puskatzen den edo ez» izango da. «Horrelako ekimenak betiko dendak-eta bultzatzeko balio handia dute», esan du Gipuzkoako Harakin eta Urdaitegien elkarteko Ana Aranberrik. «Gure herrietako harakinek lana ondo egiten dutela erakusteko eta bultzatzeko balio dute, eta, aldi berean, hemengo eta betiko merkataritza sustatuz».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide