Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoan, Vicente Crespok Azpeitian ateratako argazki zaharrak (Nerea Uranga/Hitza)
Burdinbidearen Euskal Museoak XX. mendearen hasierako Azpeitiko argazki argitaragabeen erakusketa zabaldu du. Garai hartan herriko epaile Vicente Crespok ateratako argazkiak dira, eta abenduaren 8ra arte ikus daitezke. «Cresporen argazkien balio historikoa handia dela eta —Azpeitian erabat ezezagunak dira, eta duela mende bateko genero-eszenak, paisaiak eta giroak jasotzen dituzte—, ekimen hau bultzatzea erabaki dugu», aditzera eman du Euskotreneko zuzendari Iñigo Palominok.
1906an iritsi zen epaile gaztea. Astorgatik (Leon, Espainia) Azpeitiko epaitegi-barrutira bidali zuten, hain zuzen ere. Crespo argazkizale amorratua zen, eta auzi eta auzi artean geratzen zitzaion denbora librea bere zaletasuna praktikatzeko erabiltzen zuen. Hori horrela, Azpeitiko eta inguruetako irudiak hartzeko baliatu zuen aisialdia».
Zaleek aterako argazki askorekin gertatzen den bezala, argazki horiek desagertuta edo ongi gordeta geratzen dira. «Mende batez, bere irudiak familiaren Astorgako etxean gordeta egon ziren, Azpeitian inork haien berririk izan gabe. Zorionez, Burdinbidearen Euskal Museoa zabalik egoteak altxor txiki hori aurkitzeko aukera eman du», zehaztu du Euskotreneko zuzendariak.
Epailearen birbiloba Alberto Garcia Alvarezi esker berreskuratu dute ondare grafikoa. Garcia Alvarez Renfeko bidaiarien negozio-arloko zuzendaria da egun, eta honek bokazio berezia du burdinbideen inguruan. «Trenarekin zerikusia duen guztiaren zale porrokatu gisa, Alberto laster interesatu zen gure museoaz eta bertako instalazioak bisitatu zituen», dio Palominok. «Handik denbora gutxira, familia-bazkari batean, berriki egindako bidaia aipatu zuen eta bere osaba Gabriel Garcia Crespok aitonaren lehenengo lanpostua Azpeitikoa izan zela gogorarazi zuen». Hortik abiatuta, familiaren artxiboan arakatzen hasi zen birbiloba, eta berehala Azpeitiari buruzko negatiboak eta testuak aurkitu zituen. Aurkikuntza Burdinbidearen Euskal Museoari eman zizkion, honek ezagutzera eman zitzan, eta horretara dator erakusketa berria.
Trena iritsi aurreko Azpeitia topa dezake bisitariak irudiotan: Enparan zubia, Loiola, Landetatik hartutako ikuspegia, Olazko begiratokia, Errekartetxo, Amubeko zubia, apaizen pasealekua, Munategi, Villa Juanita, Astotegia, Belaetxe eta Madalena auzoa ikus daitezke kotxeretan paratuta, besteak beste. «Mende bat baino gehiago igaro den arren, erretratatutako leku batzuk oraindik ere ezagunak dira. Beste batzuk, denboraren igarotzearen ondorioz, ezagutezinak». Aurkeztu dituzten irudiak bisitariek ematen duten informazioarekin aberastu nahi ditu museoa, leku horiek erabat identifikatu ahal izateko.
(N.U./Hitza)
Idatzizko testigantza
Vicente Crespok
Lan-errodajea izeneko idazki batzuk utzi zituen, bere egonaldiaren testigantzarekin. Artetxe ostatuan egon zela kontatzen du. «Tratua arretatsua zen eta janaria, herrialdean ohikoa zen bezala, oparoegia eta oso ondo maneatua. Hori guztia, eguneko lau pezetaren truke. Jabeak, Roque Artetxe eta bere emazte Maria Aranburu, pertsona bikainak ziren, zintzoak, maitekorrak eta eskuzabalak, eta apopiloak zerbitzatzeko ahalegin guztiak egiten zituzten. Beti gogoratuko naiz haietaz, esker handiz».
Crespori arreta piztu zion «herrialdeko hizkuntzak». Herritarrek gaztelania lardaskatzen zutela dio, eta lanean interprete bat behar izaten zuela. Bestalde, «jende gaztearen ilusiorik handiena, haurtzarotik hasita, eta etorkizuneko helburu goren bezala, pilotan jokatzea zen; zoriontasun osoaren oinarria, beraien ustez».