(Argazkia: Azpeitiko Udala)
Azkoitian duela urtebete jarri zuten auzokonposta martxan. Liburutegi atzeko guneko auzokonpostak «emaitza onak» izan dituela eta, ekimena herrian zabaltzea erabaki du Azkoitiko Udalak. Hala, Ipintza auzoan eta Bizkargi plazaren atzealdean gune bana jarriko du, eta herritarrei dei egin die parte hartu dezaten. «Urtebeteko esperientzia honek argi erakutsi digu auzokonpostaren onurak, eta onura horiek zabaldu eta Azkoitia konprometituagoaren alde egitera animatzen ditu udalak herritarrak», berretsi du.
Izena eman nahi duenak udaletxeko (943-85 71 72) edo Urola Erdiko Mankomunitateko (943-85 73 19) telefono zenbakietara deitu behar dute.
Udalak adierazi du auzokonpostaren bidez hasierako helburua bete duela: hondakinak ongarri bihurtu dituzte, eta horren
bidez materia organikoa «hondakinen zirkuitotik» atera dute. Hala, garraio eta zabortegiko kostuak ere saihestu ditu.
Azpeitian, ikastaroa
Azkoitian ez ezik, Azpeitiko Enparan Dorretxearen atzean eta Damaso Azkuen ere auzokonposta guneak jarri dituzte, eta horiek martxan jartzeko ikastaroa ari dira egiten. Hasiera batean Alde Zaharrean bizi direnei eta auzo-konposta egiteko izena emanda daudenei zuzendu die ekimena, baina izena eman gabeko Alde Zaharreko eta Juan XXIIIeko bizilagunek ere har dezakete parte ikastaroan. Lehenagotik martxan den Soreasuko auzokonposta gunean edo Damaso abiatu berri den gunean parte hartu nahi dutenek, zein norbere etxean autokonposta egin nahi dutenentzat ere zabalik da ikastarorako deialdia. Atzo hasi zuten ikastaroa, eta Sindikatu Zaharrera bertaratu zirenek saio teorikoa jaso zuten. Ikastaro praktikoa, berriz, bihar eta etzi izango da. «Ezinbestekoa da auzokonposta egin nahi duen etxeko norbaitek ikastaroan parte hartzea, giltza hartu eta taldeak martxan jartzeko», azaldu dute antolatzaileek.
Azkoitiko Udalak, bere aldetik, nabarmendu du pertsona bakoitzak 1,6 kilo hondakin sortzen dituela egunero, eta horren %40 hondakin organikoa, konposta sortzeko birzikla daitekeen hondakina direla azpimarratu. Auzokonposta egiteko bizilagun bakoitzak bere giltza izaten du, eta honen sistemaren bidez organikoaren ontzia edozein momentutan hustu daitekeela adierazi du. «Etxean hondakin organikoa traba egiten edo usaina botatzen hasten bada, kuboa konpostaje gunera eraman, eta han hustu besterik ez dago».
Usainei dagokienez, adierazi du arazo hori denborarekin «kontrolatzen» ikasten dela. «Prozesua ondo egiten bada, usainik ez dago. Aste batzuetan erabiltzaileek ondo egiten ikasten dute, eta arazoak desagertu egiten dira». Gaineratu du saguak ez direla agertzen, horretarako neurriak jartzen baitira. «Nahikoa da sare bat jartzea konpostadorearen azpialdean».
Birziklatzeko etxola jarri dute Zestoako kiroldegiaren atzean
Zestoako Udalak, Urola Erdiko Mankomunitatearen bidez, birziklapen etxola jarri du kiroldegi atzean. Udalak adierazi duenez, «garbigune txiki bat» izango da, herritarrek behar ez dituzten gauzak utzi ahal izateko; hala nola, aparatu elektroniko txikiak, autoen bateriak, disko, DVDak, kasetak, merkuriozko termometroak, pilak, erradiografiak, aerosolak… bilduko dituzte.
Orain arte hilean behin jasotzen zituzten halako materialak Zestoan, eta azpiegitura berriari esker herritarrek nahi dutenean egiteko aukera izango dute. «Birziklatzea eta berrerabiltzea sustatzeko erraztasunak jarri nahi dizkiegu herritarrei. Halako materialak zabor ontzietara ez botatzea da gure helburua», adierazi du udalak. Etxola zabalik egongo da une oro. Hamalau buzoi ditu etxolak, bakoitzera material jakin bat botatzeko.