Azpeitia 2025 Plan Estrategikoa onartu du Azpeitiko Udalak. Atzo egindako plenoan hartu zuten erabakia EH Bilduk, EAJk eta Hamaikabatek, aho batez. Behin plana egin eta onartuta, garrantzitsuena orain hasten dela nabarmendu du Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak (EH Bildu). «Orain hasten da garrantzitsuena: plana gauzatzea, baliabideak jarriz behar diren tokietan, jarraipena eginez. Hala gure herriaren etorkizuna hobea izateko».
Herriaren garapen osoa da Plan Estrategikoa. Lehendik udalak edota udal erakundeek zituen planak gehitu eta eguneratu egin dituzte, alkateak azaldu duenez. «Derrigorrezkoa da ikuspegi orokor bat izatea». Horrez gain, gizartea, ekonomia eta ingurumen arloak txertatu dituzte. «Herriaren garapen integrala aurreikusten duen plana egin da, lehendabiziko aldiz». Horregatik, plana egiten parte hartu duten guztiak zoriondu ditu alkateak, «egindako lanagatik, ekarpenengatik eta lortutako adostasunagatik».
Plan Estrategikoa egitea luze joan dela esan du alkateak, «baina merezi izan du».
Plana egiteko arrazoiak
Epe ertain edo luzerako herrirako Plan Estrategikoa egiteko arrazoiak ere azaldu ditu Etxeberriak. «Etorkizunari begiratzen dion Azpeitiaren eredua adosteko ahalegina egitea izan da arrazoi bat». Epe ertain edo luzera begirakoa da, baina «epe motza ahaztu gabe».
Herriaren etorkizuna marraztu edota irudikatzeko lan horretan, hiru mahai osatu dituzte. Bata, politikoa; zinegotzi guztiek hartu dute parte bertan. Bigarren mahaian udal teknikariek, Azpeitiko Udalak parte hartzen duen erakundeetakoek (patronatuak, Urkome...) eta udalak lotura berezia duen erakunde edota elkarteetako ordezkariek (esaterako, Bertan Merkatari Elkartea) hartu dute parte. Hirugarren mahaia, berriz, herritarrena izan da.
Plana egiteko beste arrazoi bat, asmo orokorrak edo publikoak (udalarenak) eta pribatuak (herritarrenak) uztartzea izan da. «Plana egiteak herritarren kezkak eta ezagutzeko balio izan digu», alkatearen arabera. Bestalde, diagnositik eta helburu zehatz batzuekin estrategi zehatz batzuk planteatzeko aukera izan dute.
Plana, dinamikoa
Plan Estrategikoa «dinamikoa» da eta gutxienez urtero berrikustea adostu dute. «Horrek aldaketak egiteko aukera ematen du».
2025 urtera arteko plana da orain egin dutena, baina zortzi urtera berrikuspen osoa jasotzen du. Udalaz kanpoko erakunde batek ikuskatuko du plana urtero.
Azpeitiko gizartea kohesionatzea eta integratzea ere bada udalak plana egiteko beste arrazoietako bat. «Desberdin pentsatzen dugunok, herritarren arazoak identifikatu, diagnostikatu eta estrategiak planteatzeko».
Bosgarren arrazoia, berriz, etorkizunaren marrazki bat egitea da, eta norabide bat zehaztea. «Norabidea zehaztuta, helburuak lor ditzakegulako».
Plan bizia, kezka
«Etorkizunari begirako herrirako» Plan Estrategikoa egin eta onartu dute. Baina orain plan hori «martxan eta bizirik» mantentzea da udal ordezkariak kezkatzen dituena. Horregatik, hori hala izateko denen ahalegina beharrezkoa izango dela adierazi dute osoko bilkuran.
«Plan Estrategiko bateratu bat behar genuen, baina horrelako planek askotan kaxoian sartu eta bertan gelditzeko arriskua izan ohi dute», esan du Aitor Gorrotxategi EAJko zinegotziak. Benetan balioko duen tresna izan dadila eta «udal aurrekontuetan-eta errespetatua» izateko eskatu dute jeltzaleen udal taldeko ordezkariek. «Badakigu jarraipen bat izango duela, baina ea gero jasotako balorazioei kasu egiten zaien».
Hamaikabateko Aitor Aranguren zinegotziaren ustez ere, udalak plan estrategikoa onartzea «oso garrantzitsua» da. Hala ere, kezkatzen duten kontuak ere baditu Arangurenek. «Planaren jarraipen mekanismoak gehitu ditugu. Alde horretatik, datozen udal aurrekontuekin lotzen hastea ederra izango litzateke, aurreneko ariketa bezala», proposatu du. Horrez gain, agintaldia bukatzeko gelditzen zaizkien bi urteetan Plan Estrategikoa bizia izaten saiatu behar dutela esan du. «Bi urteotan planak funtzionatzen badu, eta berrikusten bada, bi urte barru udalera datozenek gauza bizi bat aurkituko dute, eta hori ere garrantzitsua da».
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide