Jesus Ruiz de Argandoña omenduz hasiko da ostegunean Azpeitiko garagardo azoka

Urola Kostako Hitza 2013ko urriaren 2a

Iraurgi SBko, Azpeitiko Udaleko eta Bertan Merkatari Elkarteko ordezkariak, Jesus Ruiz de Argandoñarekin (eskuinetik bigarrena). (Julene Frantzesena/Uztarria) Egitaraua Urriak 3, osteguna. - 20:00etan, garagardo azoka irekiko dute eta Jesus Ruiz de Argandoñari omenaldia. Urriak 4, ostirala. - 20:00etan, Iraurgi SBko talde guztien aurkezpena. Zuzeneko kontzertua Down Town Trio taldearekin. Urriak 5, larunbata. - 20:00etan, azoka zabalduko dute. Zuzeneko kontzertuak: Moonlight Melodies eta White House Family taldeak. Urriak 11, ostirala. - 20:00etan, garagardo azoka zabalduko dute. Zuzeneko kontzertua, Askaiter Pelox. Urriak 12, larunbata. - 15:00etan, mus txapelketa, berdura plazan. Izena emateko aukera 14:30ean zabalduko dute, eta bikoteko 30 euro ordaindu beharko da. Sariak: bikote irabazlearentzako 400 euro, txapelak eta afaria; bigarren egiten dutenentzako, 200 euro eta afaria; hirugarren gelditzen direnentzat 100 euro eta afaria; eta, laugarren bikotearentzako afaria. - Afalondoan, zuzeneko kontzertua eskainiko  du Amamantzat Guapuk taldeak. Jesus Ruiz de Argandoña Keuttin azpeitiarra omenduz zabalduko dute bihar Iraurgi Saskibaloi Elkartekoek Garagardo Azoka, 20:00etan. «Kirolaren alde eta batik bat pilotaren alde hainbeste lan egin duelako» omenduko dute, Iraurgi SBko Jose Luis Zubizarreta Xubi-ren esanetan. 20:00etan irekiko dute azoka, Berdura plazan. «Futbolean eta pilotan ibili aurretik saskibaloian jardun nuen. El pequeño Smith esaten zidaten. Baloia pasatzen ona nintzen, baina saskiaren azpian... 1,40 metro nintzen», esan du Ruiz de Argandoñak garagardo azokaren aurkezpenean. Garagardo azoka dagoeneko tradizio da Azpeitian. Iraurgi SBk antolatzen du, Bertan Merkatari Elkartearen eta Azpeitiko Udalaren laguntzarekin. Bihar abiatu, eta bost egunez egongo da zabalik Berdura plazan, bi asteburu hartuz. Garagardoa izango da protagonista nagusia, baina jatekorik ez da faltako, eta «musika onaz gozatzeko» parada ere egongo da. Hamabi garagardo mota dastatu ahalko dira, alkoholik gabekoa tartean. Jateko ukondoa, oilasko errea edota saltxitxak izango dira aukeran. 20:00etan irekiko dute, eta 02:00etara artean izango da zabalik. 550 pertsonarentzako tokia prestatuko dute azoka plazan. Baina aurrez mahaia erreserbatzeko aukera eskainiko dute. Bost txartel erosten dituenari seigarrena opari emango diote. Berrikuntza modura, 00:00etatik aurrera, garagardo txarro handiak erosi beharrean bi eurotan kañak hartzeko aukera eskainiko dute. Hilaren 12rako azokaren barruan mus txapelketa ere antolatu dute. 15:00etan hasiko da, eta ordu erdi aurretik eman beharko da izena. Garagardo azoka aurrera ateratzeko bost egunetan 125 lagunek jardungo dute lanean. 230 jokalariko kluba Etzi Garagardo Azokaren baitan Iraurgi SBko saskibaloiko talde guztiak aurkeztuko dituzte, 20:00etan. 230 jokalaritik gora ariko dira hasi berri den saskibaloi denboraldian ISBren izenean. «Gaur eguneko eta etorkizuneko jokalariak zeintzuk izango diren ikusteko aukera bikaina da ostiralekoa». Garagardo azokan Iraurgi SBko bazkide egiteko aukera ere jarriko dute. Bazkide izateko iazko prezioak mantentzea erabaki dute. Familiako bazkidetza txartela 120 euro da, eta gainontzekoentzako txartela, banakakoa, 70 euro. Baina aurten, berrikuntza modura, ikasleentzako eta erretiratuentzako bazkidetza txartelak ere jarri ditu aukeran Iraurgi SBk, 50 eurotan. Saskibaloi klubeko bazkideek herriko hainbat dendatako erosketetan %10eko deskontua dute abantaila modura.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide