Urola Terror hirukoak irekiko du Azpeitian Non Servium-en saioa

Aritz Mutiozabal 2013ko ira. 27a, 11:02

Kontzertua Azpeitiko tabernariek antolatu dute, eta Sanagustinen izango da bihar gauean, 23:00etatik aurrera. "Lepo gustatzen zaigun taldea da Non Servium, eta beraiekin jo nahi ote genuen proposatu zigutenean, txantxetan ari zirela pentsatu genuen hasieran. Egia esan, haiek ezagutu eta jotzeko gogo biziak ditugu", azaldu du Eneko Etxeberriak. Bera Azpeitiko Urola Terror hirukoteko kideetako bat, eta bihar Non Servium madrildarrekin batera Sanagustin kulturguneko oholtza partekatuko dute azpeitiarrek, 23:00etatik aurrera. Emanaldia herriko tabernariek  antolatu du­te, eta doakoa izango da. Urola Terror hirukote azpeitiarra (Argazkia: Urola Terror) Madrilgo punk-oi! talde beteranoa La voz de los malditos bertsio diskoa aurkeztera etorriko da. Disko horretan, besteak beste, Kortatu, RIP, Cicatriz eta Eskorbuto taldeen abestiak bere egin dituzte. Jende asko mugitzen duen taldea da Non Servium, eta eskualdean ere zaletu asko ditu; esaterako, Azkoitiko plaza txikia geratu zen Elkartasun egunean aritu zirenean. «Azkoitian abeslariarekin eta baxu-jotzailearekin hitz egiteko aukera izan nuen. Jende jatorra zela iruditu zitzaizkidan», dio Etxeberriak. «Sekula ez nuen pentsatuko haiekin jotzen bukatuko genuenik, hemen inguruan gu baino ezagunagoak diren talde ugari baitago. Aurten, Olentzero aurreratu egin zaigu». Urolaldeko beldurra Eneko Etxeberria baxu-jotzaileak, Isma Benitez gitarristak eta eta Alex Larrañaga bateria-jotzaileak osatzen dute Urola Terror. 2010an abiarazi zuten taldea, baina beste bateria jotzaile batekin. «Isma eta biok 2001etik daramagu jotzen. Hasieran Sin Oficio Ni Beneficio bezala, eta ondoren, Paso De Ti modura. Aurreko proiektua bukatu zenean, Urola Terror sortu genuen». Etiketa ororen gainetik, gustuko duten musika egiten dutela aitortu dute, baina bistakoa da punk eta oi! erritmoetatik edaten dutela. 2011n estreinako maketa grabatu zuten, eta aurten bigarrena grabatzen ari dira beren kabuz. «Orain, ordea,  prozesua geldituta dago, soinu-ekipamendurik gabe geratu garelako. Bateriaren eta baxuaren zatiak grabatuta ditugu; ekaina eta uztaila bitartean aritu ginen horretan. Kontzertu honi esker zerbait ateratzen badugu, ekipamendua erosiko genuke. Ea urte bukaerako guztia grabatuta dugun». Lehenengo maketarekin egin zuten bezala, kaleratuko duten bigarren lana ere oparitu egingo du­te. «Ez du­gu saltzeko asmorik. Lagunen eta nahi duen guztien artean banatuko dugu. Azken finean, taldea ezagutzera emateko». Bateria-jotzailea berriarekin Urola Terror taldearen estiloa zertxobait aldatu dela aurreratu du Etxeberriak. «Abesti berriak azkarragoak dira, eta pixka bat gogorragoak. Alexek egurra ematen dio bateriari, eta hori antzeman egiten da». Biharko kontzertuan denetarik eskainiko dute: abesti berriak, aurreko maketako pare bat eta hiru bertsio. «Ilusioz beterik daude».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide