Jabetze Eskolen barruan antolatutako Argazkigintza Tailerreko lanak erakusgai jarri dituzte Emakumeen Txokoan, Kontatu nahi dizut izenburupean eta urriaren 5a arte. Ikastaroa joan den uztaila hasieran egin zuten, hilaren 1etik 5era, eta egunero bi orduko klaseak jaso zituzten, Itziar Bastarrika argazkilari oñatiarraren eskutik.
Tailerra 14 eta 18 urte bitarteko neska gazteei zuzenduta egon zen. Guztira, bost lagunek hartu zuten parte, nahiz eta hasiera batean gehiagok izena eman zuten. Orain, erakusketan ikusgai dagoena aste horretako emaitza da. «Bakoitzari bere bizitzatik zerbait esanguratsua edo beraientat garrantzitsua zenaren inguruan argazkiak atera, eta lantxo bat egitea izan da helburua», adierazi du Emakumeen Txokoaren dinamizatzaile Izaskun Egigurenek. Ikasle bakoitzak bere atala du aretoan, eta bakoitzak nahi bezala jarri ditu erakusgai.
Emakumeen Txokoan erakusgai dagoen argazki erakusketako irudi bat (Nerea Uranga/Hitza)
Uztailekoa Argazkigintza Tailerra antolatzen zuten estreinako aldi izan zen. «Kopuru pixka bat handixeagoa izatea espero genuen, baina irakasleek ere eskertzen dute talde txikia osatzea. Horrela emaitza hobeak jasotzen direlako. Alde horretatik, oso gustura gaude». Orain, deialdi berria egin dute, urria eta abendua bitarterako, baina emakume helduei zuzenduta. Kasu honetan ere Itziar Bastarrika izango da irakasle.
Mairu Beroitz, Itziar Varela, Irati Labaka, Oihana Guerra eta Maialen Bravoren lanak urriaren 5erarte ikusgai daude Emakumeen Txokoan, asteartetik ostiralera, 16:30etik 20:00etara, eta larunbatetan 10:00etatik 13:00etara.