Oraina eta geroa jorratzeko, Emakumeen Topaketak antolatu dituzte urrian

Nerea Uranga 2013ko irailaren 27a

Emakumeen Topaketen berri emateko egin zuten agerraldian. Urriak 18, ostirala
  • 18:00. Historia: Mugimendu feministaren ekarpenak historian zehar gure herrian. Herriko historiari errepasoa bideo emanaldia eta mahai ingurua,70. hamarkadatik mugimendu feministan ibili diren emakumeekin. Emakumeen Txokoan.
  • 19:30. Bertso triki poteoa Emakume Txokotik abiatuta. Segidan, luncha, Sanagustinpen (udaletxeko arkupetan)
Urriak 19, larunbata
  • 09:00-11:30. Mahai-ingurua, Errealitatearen aurpegi desberdinak aztertuz gai hartuta. Sektore desberdineko emakumeek hartuko dute parte: gazteak, pentsionistak, etorkinak, zaintza lanetako langileak eta indarkeria kasuak lantzen dituen gizarte teknikaria. Emakumeen Txokoan.
  • 11:30-12:00. Hamaiketakoa.
  • 12:00-14:00. Gorputzaren inguruko tailerra.
  • 14:00- 16:00. Bazkaria, Sanagustinpen (udaletxeko arkupetan).
  • 16:00- 18:30. Feminismotik herria aldatzeko egiten den lanketaren  gaur egungo errealitatea eta etorkizuneko erronkei buruzko jardunaldia. Emakumeen Txokoan.
  • 18:30- 19:30. Plenarioa eta Topaketen balorazioa.
  • 19:30- 21:00.  Jolastuz, etorkizunari eragiten. Emakumeen Txokoan.
  • 21:00. Afaria.
  • Gauean, kontzertuak.
Azpeitiko Bilgune Feministak urriaren 18 eta 19rako Emakumeen Topaketak antolatu ditu Azpeitian. Orain arteko jarduna aztertzearekin batera, etorkizunerako erronkei heltzeko asmoa dute egitasmoarekin. Azken hilabeteetan Topaketak antolatzen dihardute buru-belarri. «Dagoeneko ari da zerbait egosten sutan jarri genuen eltzean», diote Bilgunekoek. «Azpeitiko emakume mugimenduak edota mugimendu feministak aspalditik dihardu lanean, emakumeon eskubideak aldarrikatuz eta eskubideen urraketen aurrean erantzunez. Eskubide hauen defentsan borroka batzuk irabazi ditugu, eta beste batzuk martxan jarri», azaldu dute Bilgune Feministako kideek. Baina «oraindik egiteko asko» dutela uste dute. «Indarkeria sexista eguneroko ogia da oraindik. Abortatzeko eskubidea hiru kasutan soilik daukagu onartuta; sexualitatea askatasunez bizitzen ez digute uzten; eta, eskubide ekonomikoak eta sozialak gainbeheran doaz». Eskubideen urraketa eta murrizketen ondorioak nabarmen pairatzen ari dira emakumeak,  Bilgunekoen ustez. Horregatik, borrokan eta lanean segitzeko arrazoi ugari dutela diote. «Borroka asko ditugu oraindik irabazteko, eta, horregatik, herriko errealitatera egokitu eta garai hauetan gure lehentasunezko borrokak zein izan behar duten erabaki behar dugula uste dugu. Inork ez digulako ezer oparituko». Borroka eta jardun horretako lema emakumeena izan behar duela diote, «protagonistak guk geuk izan behar dugulako». Lan hori egiten segitzeko bidean herriko emakumeek esku hartzea behar dutela diote, eta  urrirako antolatutako Topaketetan parte hartzera animatu dituzte, emakume anitzez osatutako Topaketak nahi dituztelako. «Egosten jarri dugun eltze horren inguruan bildu, eta elkar ezagutzeko aukera eskaini nahi dugu; kezkak, esperientziak, iritzia elkatrukatzeko eta proposamenak mahai gainean jartzeko». Urriaren 18 eta 19ko Emakumeen Topaketetan parte hartzeko edo jatorduren batera joateko izena Azpeitiko Emakumeen Txokoan (943-15 70 55 telefono zenbakian) edota azpeitibf@gmail.com helbide elektronikoaren bidez eman daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide