Azpeitiko hainbat edukiontzi, atzo eguerdian (Nerea Uranga/Hitza)
Iaz baino zabor gehiago jaso dute sailkatuta aurtengo lehen sei hilabetekoan. Azpeitiko Udalak adierazi duenez, sailkatutako zaborraren bilketa datuek «onera» egin dute, «baina oraindik asko dago egiteko». Edukiontzi grisetan iaz baino %6 hondakin nahasi gutxiago jaso dute urtarriletik ekainera bitartean. «Azken hilabeteetan zaborraren gaikako bilketa tasek goranzko joera izan dute. Oro har, datu adierazgarrienak sentsibilizazioarekin eta krisi ekonomikoak kontsumoan eragindako beherakadarekin lotuta daude», azaldu du udalak.
Urola Erdiko Mankomunitateak otsailean emandako datuen arabera, 2012an Azpeitian bildutako zaborraren %68 nahasitako hondakina izan zen; eta, gainontzeko %32 gaika bildutakoa. Baina datuak aurten «hobeak» izaten ari dira. Nahasita gero eta hondakin gutxiago jasotzen da herrian, eta hondakin organikoa gero eta gehiago. «Hondakin organikoaren bilketak nabarmen egin du gora», udalaren arabera. Bosgarren edukiontzia edo organikoa jasotzeko edukiontzi marroia erabiltzen dutenen kopurua gora ari da egiten. Horrez gain, auzokopostan 107 lagun ari dira parte hartzen, eta auzokonposta egiteko izena 200 lagunek dute emanda.
Iazko hondakin bilketako datuekin alderatuta, hondakin organikoa bikoiztu egin da. Baina, udalak emandako hileroko goranzko datuak gorabeheratsuak dira: aurtengo otsailean iazkoarekin konparatuta %50 egin zuen gora hondakin organikoak; martxoan %81,29; apirilean %52,07; maiatzean %70,78; eta, ekainean %46,01.
Azpeitiko Udalak hondakinen bilketarekin lotuta «urrats eraginkorrak» eman dituela nabarmendu du, eta aurtengo lehen sei hilabeteetako datuak jarri ditu horren erakusle.
Eginda, eta egiteko
Aurreneko urratsen artean, udalean hondakinen gaikako bilketaren inguruan lortutako adostasuna ekarri du gogora, «hondakinen bilketaren eztabaidan ahalik eta kohesio handienarekin aurrera egiteko konpromisoa berretsiz». Segidan, Gugandik hasita kanpaina abiatu zutela gogorarazi du udalak. «Hondakinen bilketan birziklatzea, berrerabiltzea eta murriztea helburu, konpromisoa herriko eragileengana zabalduz».
Hondakinen inguruko sentsibilizazio kanpainak eragina izan duela nabarmendu du udalak. Baina krisi ekonomikoak ere eragin du. «Egoera ekonomiko hertsiak, sailkatutako hondakinen tasan igoera ekarri duela antzeman dugu».
Hilero-hilero ari dira antzemanten hondakinak gaika gero eta gehiago biltzen direna. «Aldi berean bi helburu ari gara sortzen, hondakin gutxiago ari gara sortzen, eta sortutakoa bereizita jasotzeko denon aldetiko ahaleginaren emaitzak ikusten ari gara», adierazi dute udal arduradunek.
Datuak hobera egin badute ere, oraindik asko dago egiteko. «Azpeitiko Udalak argi du, Lapatx 2014ko abenduan itxi nahi bada, beste bilketa maila selektibo batzuetara gerturatzeko urratsa egin behar duena». Azpeitiak eskualdean sortzen diren hondakinen ia erdia sortzen du, eta zentzu horretan eskualdeari begira eredugarria izatea badagokiola uste du udalak.
Hasi berri den udazkenerako hondakinen bilketari lotutako egitasmoekin segitzeko asmoa du udalak, «beti ere, oraingo urratsei jarraipena emanez»: autokonpostajea bultzatuz;
Gugandik hasita kanpaina indartuz; eta, adosturiko bilketa selektibo tasara heltzeko beharrezko azterketa eta adostasunak bilatzeko urratsak eginez.
Organikoari buruzko ikastaroa
Hondakinen gaikako bilketan pausoak eman behar direla eta, bosgarren edukiontzia erabili nahi dutenentzako ikastaroak antolatu dituzte. Etzi izango dira, 10:00etan eta 18:00etan, Sindikatu Zaharrean. Izena eman nahi dutenek 943-85 73 19 telefono zenbakira dei dezakete.