Lehen Hezkuntzako bi unitateen edukiez Olatz Aranguren arduratu da, eta ilustrazioez Iban Izagirre (Nerea Uranga/Hitza)
Orain dela urtebete aurkeztu zuten Azpeitiko Ondarea Unitate Didaktikoak proiektua Azpeitiko Udaleko arduradunek eta Hik Hasiko ordezkariek. Hasi berri den ikasturterako lehen edukiak kaleratu dituzte orain; proiektuaren lehen bi unitate didaktikoak jasotzen dituen liburuxka, hain zuzen. Sei eta zazpi urteko ikasleei zuzenduta daude, edukiez Olatz Aranguren Hik Hasiko teknikaria arduratu da, eta ilustrazioak Iban Izagirrek egin ditu.
Kaleratu berri duten liburuxka, «lan sakon baten ondorena» da, Mari Jose Iturria Azpeitiko Hezkuntza zinegotziaren arabera, «etorkizunari eusteko iraganari eustea beharrezkoa delako». Hik Hasiko koordinatzaile Joxe Mari Azurmendik esan duenez, unitate didaktikoen proiektua «ederra eta gertukoa da azpeitiarrentzat».
Proiektuko lehen lan honetan, Azpeitia inguruko lehen bizi aztarnetatik hasi, eta Erdi Aro bukaera arteko garaia landu dute. «Aurreneko unitate didaktikoan fosiletatik hasi eta erromatarren garairainokoa jaso dugu. Eta bigarrenean, Erdi Aro hasieratik Erdi Aro ia bukaerarainokoa», dio Olatz Arangurenek. «Herria nola joan den sortzen, zergatik sortu den, armarriaren nondik norakoak, nolako jaunak egon diren herrian, zer interes egon diren hiribildua sortzeko... landu dira aurreneko bi unitate hauetan».
Dokumentazio lan handia egin dute bai Arangurenek eta baita Izagirrek ere, edukia osatu eta gero irudiz hornitzeko. Horrez gain, 6-7 urteko ikasleentzako moldatu behar izan dute. «Dokumentazioa batik bat Imanol Elias eta Ignacio Artetxe historialarien lanak kontuan hartuta egin dugu. Baina herriaren inguruan idatzi duten beste hainbat egileren lanak ere aztertu ditugu; esaterako, Azpeitiak Hiri Gutuna jaso zueneko 700. urteurrenaren harira izandako hitzaldietan esandakoa transkribitu dugu», azaldu du Arangurenek. Materiala eta dokumentuak bildu ondoren, moldaketa bat egin dute bi egileek. «Bildutako dokumentazio guztia geure erara moldatu eta gero, hori didaktikoki eta jendeak errazago ulertzeko moduan jartzea izan da gure lana. Xehetzea lana izan da, baina material asko gaztelaniaz idatzita dago, eta itzulpen lana ere egin behar izan dugu».
Herriko ikastetxeetako ordezkariekin elkarlanean egindako lana izan dela azaldu dute egileek. «Materiala landu eta prestatu ahala, ikastetxeetakoei erakutsi diogu, gaiak egokiak eta mailara egokituta zeuden ikusteko».
Patxi eta Inaxi gidari
Kale eta baserri munduen arteko lotura Patxi eta Inaxi pertsonaien bidez egin dute unitateetan. Azpeitiko bi argazki zaharretatik ateratako pertsonaiak dira biak. Horiei bizia Iban Izagirrek eman die. «Bi pertsonaien ideia Olatzena izan zen, eta niri gustatu egin zitzaidan. Pertsonaiak ez dira argazkien erreprodukzio osoa. Nik nire erara interpretatu ditut, eta haurrentzako izango zela ere kontuan hartu dut. Patxi plazako kioskoko egunkari banatzailea da, eta Inaxi baserritik azokara gurasoekin jaisten den baserritarra».
Pertsonaiez gainera, Historiaurreko irudiak eta Erdi Aroko eraikuntzak eta marrazkiak ere egin ditu Izagirrek, xehetasun askorekin; landuak. Irudiak detaile askorekin egitea gustuko du ilustratzaileak, eta horretarako aurretik filmetan, dokumentuetan, Interneten... xehetasunetan fijatzeak garrantzia handia duela dio. «Baina gustu kontua ere izan behar da». Ikusi eta jasotako horretatik, irudikatu eta sortu ditu irudiak: «Nire interpretazioa egin dut».
Datozen lau unitateetan Azpeitia garaian gaur egunera hurbiltzea dute asmoa. Lehen Hezkuntzak bi ikasturteko hiru ziklo ditu eta ziklo bakoitzerako liburuxka bana aterako dute. Datorren ikasturterako egitea da asmoa.
Liburuaren azala
Unitate didaktikoak eta gezitzaileen gida Internetez eskuragarri
Azpeitiko Ondarea Unitate Didaktikoetan proiektuaren baitan dagoeneko sortu duten materiala herriko ikastetxeetan banatuko dute, baina nahi duten guztientzako eskuragarri ere jarri dute Azpeitiko Udalaren webgunean,
www.azpeitia.net helbidean.
Batetik, Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailakoentzako egindako bi unitate didaktikoen lan koadernoa jarri dute eskuragarri. Baina horrekin batera udalaren webgunean Hezitzailearen Gida ere eskuratu daiteke, «hezitzaileentzako gida liburua da, baina maila altuagoko ikasleentzako ere baliagarria da. Historikoki aldi bakoitzari buruzko informazio zabala eta egindako lan sakona dago bertan jasota, Azpeitiko historiari buruz pixka bat gehiago jakin nahi duenarentzako ere baliogarria izan daitekena», azaldu du Olatz Arangurenek.