Langabeei lagunduko die Azpeitiko Udalak, euskara ikasteko

Nerea Uranga 2013ko irailaren 17a

Kontxita Martija eta Leire Etxaniz zinegotziak atzo Euskara Patronatuan (Nerea Uranga/Hitza) Herriko langabetuei euskara ikasteko ateak zabaltzeko asmoz, Azpeitiko Udalak hastera doan ikasturte berrian euskara ikasi edota hobetu nahi duten laguntza berezia emango die. Hala adierazi dute Kontxita Martija Euskara zinegotziak eta Leire Etxaniz Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak. «Milaka dira azken 30 urteotan Azpeitiko Udal Euskaltegian euskara ikasten ibilitako azpeitiarrak. Horietako asko eta askori lanerako aukera ere hortik etorri zaie; euskara ikastetik, alegia. Horregatik, gaur egungo lan egoeraren beltza eta larria ikusita, udalak ate hori zabal-zabalik utzi nahi die langabezian dauden azpeitiar denei», azaldu du Martijak. Azpeitiko Udal Euskaltegiak hastear den ikasturterako matrikula egiteko epea hilaren 30a arte dauka zabalik, ikasle guztientzat eta ikastaro guztietarako. Langabetuek ere epe horretan eman behar dute izena Udal Euskaltegian (Perdillegi 1 zenbakian, Musika Eskola dagoen eraikinean; edota 943-814518 telefono zenbakian). Beste ikasleek ez bezala, langabetuek izena emateko orduan ez dute matrikula ordaindu beharrik; udala egingo da horren kargu. Hala ere, ikastaroa erabat doan izateko bete beharreko baldintza ikasturtean asistentzia gutxienez % 85ekoa izatea da. Azpeitiko edozein ikasleri itzultzen zaio euskara matrikularengatik ordaindutakoa %85eko asistentzia izanez gero, baina langabetuaren kasuan matrikula aurreratu beharrik ez du izango. «Azpeitiko Udalaren asmoa da langabezia egoeran dauden azpeitiar guztiei euskara dohainik ikasteko aukera ematea», azaldu du Euskara zinegotziak. Baina ikastaroak antolatzeko eta jakiteko euskara ikasi nahi duten herriko langabetuak zenbat diren, irailaren 30erako izena eman beharko dute. Ondoren, Azpeitiko Udalak dituen baliabideen arabera, antolaketarik egokiena egingo du, ahalik eta langabe gehienei erantzuteko asmoarekin.  Azpeitiko Udalak izena ematen duen langabetu bakoitzari «erantzun pertsonalizatua» emango diola azaldu dute udal arduradunek. Udalari euskararen diru laguntzak %30 murriztu dizkio Eusko Jaurlaritzak Kontxita Martija Azpeitiko Euskara zinegotziak atzo jakinarazi zuenez, aurten Azpeitiko Udalak Eusko Jaurlaritzatik euskararen sustapenerako %30 gutxiagoko diru laguntza jasoko du. «Jaurlaritzak iaz Azpeitiko Udalari herrian euskara sustatzeko 27.774 euroko diru laguntza eman zion, baina aurten 19.648 eurora jaitsi du laguntza. Beraz, aurten iaz baino 8.126 euro gutxiago jasoko ditu Udalak Jaurlaritzatik; %30 gutxiago», azaldu du. Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldunditik euskara sustatzeko aurten iaz baino %26 gehiago jasoko du Udalak diru laguntza bidez; hau da, 16.400 euro (3.920 euro gehiago). Dena den, Eusko Jaurlaritzako murrizketagatik euskara sustatzeko diru laguntzen bidez 4.206 euro gutxiago jasoko ditu Udalak, «Jaurlaritzak jarri ez duen diru hori Azpeitiko Udalak jarri beharko du», esan dute udalekoek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide