«Besteekiko komunikazioan zubiak eginda ditugunean, bizitzaz gozatu egiten da»

Urola Kostako Hitza 2013ko irailaren 13a

Psikologoa, psikoterapeuta eta psikopedagogoa izateaz gainera, Komunikazio ez bortitzean aditua da Pilar De la Torre (Guadalajara, 1963). Nerea Mendizabal psikopedagogo zestoarra lagun, Azpeitian ibili da egunotan, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko irakasleei komunikazio ez bortitzaren inguruko jardunaldiak ematen. Era berean, herenegun gurasoei zuzendutako hitzaldi irekia eskaini zuen ikastolan. «Pozik» etorri dela dio, «ikastetxean komunikazio ez bortitzaren inguruan pausoak ematen hasita daudela» ikusi duelako. Komunikazio ez bortitza zer den erakustera etorri zara. Zer da? Labur esanda, komunikazio ez bortitza gugandik besteenganako zubia eraikitzeko prozesua da. Prozesua harremanak izateko modu zehatz baten bidez hasten da, guri zer pasatzen ari zaigun ohartu, eta horretatik abiatuz. Abiapuntu horretatik bidea eginez, bestearekin konektatzera iritsi arte. Beraz, bestearekin zubia osatzeko helburuarekin komunikatzen gara. Behin zubia eraikita dagoenean, oso polita da. Bizi dugun momentua bizi dugula ere, bestearekin bat egiteko intentzioa izatea da komunikazio ez bortitza; gero bidean bat etorri edo ez. Ahaztu egiten zaigu giza izaera era horretara egina dagoela; hau da, bizitzan zubirik ez duenean sufritu egiten du. Besteekiko zubiak eginda ditugunean, eta asko ditugu besteekin batzen gaituzten zubiak, pertsonak bizitzaz gozatu egiten du. Pertsonen arteko komunikazioak asko galdu duela esaten da askotan. Hori horrela al da? Bai, hala da. Informazio ugariko munduan bizi gara egun, eta komunikazioa informazioa ematearekin eta jasotzearekin identifikatzen da. Baina hori informatzea da, eta ez komunikatzea. Komunikatzea adieraztea eta aditzea da. Mundu honetan informazio sobredosia dago, eta adieraztearen eta benetan aditzearen lekua hartzen ari da, gero eta gehiago. Komunikatzeko zubia eraikitzen hasteko, batek bere burua aditzetik edo entzutetik abiatu behar duela diozu. Gero nola eraikitzen da besteenganako zubia? Bestearenganako zubia eraikitzeko bi elementu garrantzitsu eta oinarrizko ditugu. Batetik, bestea aditu behar dugu, eta bestetik, guri gertatzen zaiguna adierazi edo azaldu behar dugu. Zubia egitera bi erreminta horiekin iristen gara. Baina askotan bestea aditu dugula uste dugu, eta entzun besterik ez dugu egiten. Edo entzun ere ez, hitz egiten ere ez diogulako utzi. Aditzeko eta adierazteko asmoz jarrita konturatzen gara benetan zaila dela bestea osotasunean eta barrendik aditzea. Besteeganako zubiak eraikitzerako orduan gustatzen ez zaizkigun kontuak aurkitzen ditugu. Orduan, zer? Hala izango da, noski. Eraikitzea kostako zazikigun zubiekin egingo dugu topo sarritan. Baina komunikazio ez bortitzak zubiak edozein egoeretan eraikitzeko erremintak eskaintzen dizkigu. Zubi bat eraikitzeak ez du esanahi «bai» esatea «ez» esan nahi dugunean, irribarretsu aritzea edota adeitsua izatea. Ez, ez. Zubia eraikitzerakoan benetakoa izan behar da, jator-jator aritu; ezezkoa esan edota bestearen ezetza aditu arren, zubia mantenduz. Oso polita da bestearen ezetza aditzeko gai izan eta ezezkoa esan arren zubiak zutik segitzen duela ikustea. Hori bai, zubia beti ez da atsegina izango. Batzuetan ezezkoa entzutea ez da atsegina, eta ezetza esatea ere kostatu egiten da. Batzuetan batek bere bizitzan mugak jarri behar ditu. Baina muga horiek zubia mantenduz jar ditzake; mugak bere burua eta zubiaren bestaldekoa zainduz jarri behar ditu. Hori da komunikazio ez bortitzak erakusten diguna. Era horretan bizitza pozgarriagoa da; libreak, benetakoak, gardenak izango gara, geure burua zainduz, ondokoa zainduz, eta elkarrekin erlazioak mantenduz. Zer gehiago nahi dugu? Bestea aditzeko edota benetan entzuteko eta adierazteko, zer egin behar da? Bestea aditzen eta nork bere burua adierazten ikasi egin behar du; bestearekin konektatzen ikasi behar da. Denok nahi dugu hori, baina arazoa nola egiten den ez jakitea da. Gizarte honek gauzak lortzeko makinak bagina bezala bizitzera eramaten gaitu, eta askotan ahaztu egiten dugu pertsonak garela. Baina badakigu pertsona gisa ez ditugula atsegin bakartuta egotea eta gugan zentratuak eta itxita egotea. Pertsonok, giza izaera horretan, elkar batuta egon behar dugu. Horretarako ikasi egin behar dugu, kurtsoen eta liburuen bidez informatuta, praktika taldeetan... Ikasi ondoren, egin, bizi eta esperimentatu egin behar da. Ondo joanez gero, badakigu zein bide jarraitu, eta gaizki badoa, bide hori utzi eta beste bati ekin beharko diogu. Bizitza bera da ikasi dugun hori egunero praktikan jartzeko, esperimentatzeko eta zer gertatzen zaigun ikusteko edo ohartzeko aukerak ematen digun eskola. Zer gertatzen zait benetan bestea aditzen dudanean, edo aditzeko asmoa dudanean? Nola sentitzen naiz? Zer eragiten dit? Ikastea garrantzitsua da, eta horretan aditua den jendea badago hemen inguruan; Nerea Mendizabal, kasu. Komunikazio ez bortitzak bizitzako eremu guztietarako balio al du? Pertsonaren bizitzako eremu guztietarako balio du. Baina gugandik hasita. Gelditu, eta geure buruari galdetu beharko genioke nola tratatzen dugun gure burua, eta zer nolako lengoaia erabiltzen dugun. Behin eta berriz gure burua exijitzen eta epaitzen ari gara, eta askotan ahaztu egiten zaigu gure burua entzutea. Gure bizitzan hoberako egiten dugun edozerk balio digu inguruan ditugun pertsonekin erlazionatzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide