Olatz Izagirre auzipetuetako bat da. Azpeitiko bizilaguna da (Ane Olaizola/Hitza)
Espainiako Auzitegi Nazionalak urrian hasiko ditu
Herriko tabernen auzi-ko eta Segiko kide izatea leporatutako gazteen aurkako epaiketak. Horien aurrean, gizartearen babesa eta konpromisoa lortzeko asmoz, Libre plataforma sortu dute Euskal Herrian, ondoren herriz herri errotzeko. Hala, Azpeitian ere martxan da dagoeneko Libre, eta gaur aurkeztuko dute ekimena. 19:00etan, Sanagustin kulturgunean plataformaren nondik norakoak eta Azpeitian auzipetuta daudenen egoera azalduko dituzte.
«Askotariko indarrak» bilduta, «Euskal Herria konponbidean jarri nahi dutenen olatua» eratu nahi dute egitasmoaren bitartez. «Uste dugu epaiketa hauek amaitzeko unea dela, eta berriro errepika ez daitezen sortu dugu Libre. Euskal Herrian elkartu beharra dugula uste dugu», dio Olatz Izagirrek, Segiko kide izatea leporatuta epaitzekoa duten Azpeitiko bizilagunak. Auzipetuek, ordea, atxikimenduak lortzetik harago joan nahi dute: «Gizarteak konpromisoak har ditzan nahi dugu, bakoitzak ahal duen neurrian eta eremuan».
Azpeitian talde bat eratu dute horretarako, eta alderdi politikoekin, sindikatuekin, eragile sozialekin edota kultur taldeekin biltzen hasiko dira datozen asteetan. Batzar zabala egingo dute hurrengo astean, eta aurrera begira askotariko ekimenak prestatzeko asmoa dute. «Azaroan Libre Eguna ospatu nahi dugu, herritarrek ere parte har dezaten». Epaiketak hasten direnean, berriz, herrian protesta saioak egitea dute buruan.
Eskualdean, auzipetuak
Segiko kide izatea egotzita, 40 lagun epaituko dituzte urriaren 14tik aurrera, horietako bat Azpeitiko bizilaguna. 35/02 auziko epaiketa urriaren 17an hasiko da, eta 111 herriko taberna eta kultur erakundetako 37 ordezkari dira igarotzekoak epailearen aurretik; besteak beste, Joseba Permach eta Esther Agirre zarauztarrak, Mikel Arregi Ertxin zestoarra, Azkoitiko Zakela kultur elkartea, Azpeitiko Orkatz kultur elkartea, Getariako Harralde Kultur Elkartea eta Zumaiako Inpernupe elkartea. Azpeitian bezala, hasiera batean auzipetuta daudenen herrietan Libre dinamika abian jartzeko asmoa dute. «Ondoren norberak bere bidea egingo du, bere baldintza eta indarren arabera». Zestoan ere jada lanean da taldea.
Gainontzekoekin batera, Azpeitiko bizilagunak hainbat joan-etorri egin beharko du Madrilera udazkenean, horrek eragiten duen «kostu ekonomiko ikaragarriarekin». Haurdun dagoenez, haren abokatuek auzitegira joan behar ez izatea eskatuko dute epaiketa hasitakoan. Sei urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak gaztearentzat, eta epaiari dagokionez, zuhur da Izagirre: «Badakigu Auzitegi Nazionala Euskal Herriko proiektu zehatzak zapaltzeko sortua dagoela».
Auzipetuaren arabera, udazkeneko epaiketak «ezker abertzalearen jarduna baldintzatzeko» asmoz egingo dituzte. «Erabaki politikoak dira epaiketa hauek. Askotariko urratsak egin dira orain arte, baina gobernuek blokeatzeko jarrera hartu dute. Egun horretarako geratzen zaien bide bakarrenetakoak dira epaiketak».