Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azoka Herritik egitasmoaren barruan, Elkar-ekin taldeak bigarren eskuko azoka jarriko du irailaren 21ean eta 22an, Done Jakue kalean. Dagoeneko herritarrek azokan saltzen jarri nahi dituzten produktuak eta gauzak jasotzen hasi dira Elkar-ekinekoak. Era berean, herritarrek dituzten zalantzak argitzeko hitzorduak ere zehaztu dituzte.
Hemendik bi astebururako antolatutako egitasmoa herritarrak «kontsumo ereduaren inguruko gogoeta egitera» bultzatzeko ere bideratu nahi dute Elkar-ekineko taldekideek. Gogoeta egitera bultzatzeko galdera batzuk ere luzatu dituzte, esaterako: «Nola kontsumitzen dugu? Zein dira gure benetako beharrak? Erabiltzen ez ditugun zenbat gauza ditugu etxean? Zer egiten dugu horiekin? Beharrezkoa al da beti gauza berriak erostea? Eta herritarren artean elkarbanatuko bagenitu?».
Egunak eta tokiak
Bigarren eskuko azokan herritarrek saltzen jarri nahi dituzten gauzak (jantziak, etxetresna elektrikoak, aisialdirako produktuak, etxeko osagarriak eta apaingarriak edo bestelakoak) ostiral honetara bitartean eta hilaren 16tik 20ra artean utzi daitezke, 19:00etatik 21:00etara, Sanjuandegiko auzo lokalean edo Soreasu aretoaren eraikineko sarreran.
Bigarren eskuko produktuak jaso, katalogatu eta saltzeaz Elkar-ekinekoak arduratuko dira. Hala ere, saltzeko produktu asko eramaten dituztenei azokak eskatzen dituen lanetan parte hartzeko eskatuko diete. Azokan saltzen diren produktu bakoitzetik ateratako %5 Elkar-ekin taldearentzat izango da. «Elkar-ekinek eguneroko lan sozialarekin jarraitu eta antzeko ekimenak bultzatzeko da dirua», azaldu dute taldekoek. Bestetik, musutruk ere eraman daitezke gauzak azokara. Kasu horretan, Elkar-ekin arduratuko da produktu horri prezioa jartzeaz. Gauzak eramateko orduan «zentzuz» jokatzeko eskatu die herritarrei. Hala, produktuek «txukun» egon behar dutela zehaztu dute.
Nahi duenak bigarren eskuko gauzekin postu propioa jartzeko aukera ere izango du azokaren barruan. Kasu horretan, aurrez Elkar-ekinekoekin harremanetan jarri beharko da.