Azoka Herritik egitasmoan parte hartuko duten eragileetakoak aurkezpenean, joan den larunbatean (Nerea Uranga/Hitza)
«Herriko bertako ekoizpenaren, salmentaren, sorkuntzaren eta elkartasunaren» elkargune izan nahi duen Azoka Herritik ekimena antolatu dute hilaren 20, 21 eta 22rako Azpeitian. Egitasmoa Alde Zaharra Biziberritzeko Mahaitik abiatu zen, baina antolaketa lana «parte hartze zabalaren emaitza» da. Herrian bizi den egoera ekonomiko zailaren aurrean «ekarpen eraikitzailea» egiteko asmoz ari dira antolatzen.
Azoka Herritik ekimenak hasiera-hasieratik «harrera ezin hobea» izan duela azaldu dute antolatzen ari diren eragileetako ordezkariek. Bertan bilduta ari dira hainbat sektore ekonomikotakoak, Azpeitiko Udala, herriko hainbat arlotako taldeak eta herritarrak. Gainera, parte hartzeko prest daudenentzako ateak zabalik daudela azpimarratu dute.
Azoka Herritik hiru egunetan egingo da, zazpi sektore edo zatitan banatuta. Orotara 120 salmenta postu jarriko dituzte. Alde Zaharrean bost gune bereiziko dituzte tokiaren arabera: herriko plaza, Plaza Txikia, Olazko Andre Mariaren plaza, Done Jakue kalea eta Perez Arregi plaza. Programazio zabala izango duela aurreratu dute antolatzaileek, eta «asteburuan itxuraz eta edukiz aldatzen joango da azoka».
Hamar egun barru hasiko den azokan zazpi sektore aurkitu ahalko dira, hala nola: Urola Kostako 30 baserritar edo ekoizle ingururen produktuekin osatutako postuak; herriko 25 talde inguruk parte hartuko duten erakustazoka; 30 artisauren eskulanekin osatutako azoka, hilaren 22an; Bigarren Eskuko Azoka Elkar-ekin taldearen eskutik, hilaren 21ean eta 22an; Bertan Merkatari Elkarteko 30 merkatari inguruk Berdura plazan jarriko duten stock azoka; herriko kultur taldeek Plaza Txikian jarriko duten kultur azoka, hainbat lantegirekin; eta, azkenik, Bidezko merkataritza sustatzeko azoka.
30 ekitalditik gora
Programazioari dagokionez, Azoka Herritik-en barruan ikuskizunez gozatu eta hainbat tailerretan parte hartzeko aukera egongo dela aurreratu dute. Hilaren 20tik 22ra arteko asteburu horretan 30 ekitaldi baino gehiago antolatuko dituztela aurreikusi dute. Besteak beste, baserrietako animalien erakusketa eta hegaztien eta ardi txakurren erakustaldia izango da; gozogileek sagar pastel erraldoia egingo dute; arkeologia, artisautza, argazkilaritza, marrazketa eta baratza ekologikoen lantegiak egingo dituzte; Oinkadak ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da; dantza emanaldiak egongo dira; eta, haurrentzako haur parkea ere jarriko dute.