Azpeitiko plaza urez estalita, 1953ko uholdeen eraginez. (Argazkia: Ramon Etxeberriak utzitakoa)
1953ko urriaren 14an eta 1983ko abuztuaren 26an uholdeek Euskal Herria ur azpian utzi zuten. Azpeitian ere gogotik egin zuen euria urte haietan, eta ibaiek gainezka egin zuten kalte nabarmenak eraginez. 30 urteko aldiarekin jarraituz, aurten ez da halako hondamendirik errepikatu, baina «atzera begirako xume bat» antolatu dute Sanagustin kulturgunean gaur arratsalderako.
Berez, joan den astean egitekoak ziren saioa, baina azken orduko arazo teknikoen eraginez, astebete atzeratu behar izan dute. Uholdeen inguruko argazkiak eta bideoa emango dituzte bertan. Ekitaldia 19:00etan hasiko da, eta nahiko laburra izango da, 20 minutukoa gutxi gorabehera.
Sekula eman gabe
Garaiko Azpeitiko Zine Klubak bideo grabaketa bat egin zuen 1983an, baina sekula ez zen proiektatu. Urteetan gordeta eduki ondoren, gaur arratsaldean emango dute estreinakoz pantaila handian. Ordu laurden eskaseko dokumentua da. «Zine Klubean ibilitakoekin harremanetan genbiltzan, eta, nolabait esateko, bideoak bat egin du urteurrenarekin. Hori horrela, proiektatzea erabaki dugu», adierazi du Sanagustin kulturguneko koordinatzaile Aitor Bengoetxeak.
Ramon Etxeberria Azpeitiko Zine Klubeko kide izan zen, eta haren ustez, «pozgarria» da ikus-entzunezkoa jendaurrean aurkeztea. «Batik bat, gaur egungo gazteek ez ezagutu ez zutelako». Etxeberriaren esanetan, «gauza txar baten ondoren, beti ona etortzen da. Baina garai hartan bizitakoa oso gogorra izan zen, jendeak oso gaizki pasatu zuen».
Aldez aurretik eman gabeko ikus-entzunezkoa denez, ikusmina sortu du herritarren artean. «Pausoka ekoizpen etxeak lan horretako irudi batzuk erabili ditu ETBn bota zuten erreportajea osatzeko. Dena dela, testuingurutik nahiko kanpo erabili zuten. Guk, berriz, oso-osorik emango dugu», zehaztu du Bengoetxeak.
Zine Klubeko kideek beren kabuz grabatu zituzten irudiak, eta ondoren editatu egin zuten, uholdeek eragindako kalteen berri emanez, off ahotsa sartuta. Bitarteko gutxirekin gertakaria kubritu ahal izan zuten. «
Hiru laurdeneko kamera bat geneukan, 16 milimetrotakoa, eta Pepe Azpiazu zenak filmatu zituen irudiak kalera aterata. Gainera, Azkoitiko zati bat ere agertzen da», adierazi du Etxeberriak.
Gaurko emanaldia, ordea, formatu digitalean eskainiko dute. Zine Kluba desagertu zenean, Euskadiko Filmategiari eman zioten urteetan egidako lan guztia, eta filmategiak digitalizatu egin zituen. Ekitaldia osatze aldera, 1953ko uholdeak ere gogora ekarriko dituzte. Horretarako 15 argazki inguru bildu dituzte. «Ez dugu deialdi zabalik egin. Hainbat herritarrek utzitako irudiak dira, baina ingurukoei eta gertukoei eskatuta jasotakoak. Bakarren bat Kutxako Fototekatik ere lortu dugu». Bailarako argazki dezente daudela azaldu du Sanagustineko kideak, baina Azpeitikoak, aldiz, ez horrenbeste.
Zine Klubeko lanen zikloa
Sanagustin kulturgunea eta garaiko Azpeitiko Zine Kluba elkarlanean dabiltza. «Euskal Herriko lehenegotarikoa izan zen, eta udazkenean haiek grabatutako ekoizpen laburrak emango ditugu. Inauterietan haien bideo bat eman genuen, eta, orain, uholdeen harira, egokia iruditu zaigu zutena erakustea». Urte egindako erreportajeak eta film laburrak berreskuratu dituzte, eta haien lanekin ziklo bat eskaini nahi duten udazkenean.