Eskumenak Corrugadoseko langileen alde baliatzeko eskatu die udalak Jaurlaritza eta aldundiari

Urola Kostako Hitza 2013ko abuztuaren 8a

Corrugados Lasaon protesta Enpresak etorkizuneko asmoak ez ditu argitu, baina espekulaziorik ez duela onartuko adierazi du udalak Alfonso Gallardo Taldeak Corrugados Azpeitia lantegia ixtea erabakitzeak Azpeitiari eta bailara osoari «ondorio sozial eta ekonomiko larriak» ekarriko dizkiola- eta kezka azaldu du Azpeitiko Udal Gobernuak, atzo hedabideetara bidalitako ohar baten bidez. Gallardo Taldeak herenegun itxi zuen Corrugados Azpeitia lantegia, bertan gelditzen ziren azken langileak kaleratuta. Kaleratzeak hasi aurretik, 300 behargin inguru zituen fabrikak. Horrez gain, Corrugados Lasao plantan 68 langiletik 38 kalean utzi zituen atzo; Lasaoko Enpresa Batzordearen esanetan, lantegiaren etorkizuna kolokan jarriz. Azpeitiko Udal Gobernuak Azpeitiko eta Lasaoko langileei elkartasuna adierazi die: «Bai orain kaleratu dituztenei, bai lehen kaleratu zituzten langileei, baita oraindik etorkizuna argitu gabe dutenei ere». Alfonso Gallardo Taldearen esku dauden Azpeitiko bi lantegietako 338 langile gelditu dira kalean, baina neurriak zeharka inguruko beste hainbat lantegi txikiri eragingo diola nabarmendu dute Corrugadoseko langileen ordezkari sindikalek. Udal Gobernuaren ustez, «Azpeitiko lantegia ixteak ondorio larriak ekarriko dizkio azpeitiarrei eta baita bailara osokoei ere». Hori dela eta, udaleko ordezkariek kezka agertu dute. Gallardo Taldeko arduradunen jarrera ez duela ulertzen azaldu du Azpeitiko Udal Gobernuak. «Orain dela hilabete batzuk Azpeitiko bi lantegi horiek bideragarriak zirela adierazi ziguten, baina orain ixtea erabaki dute, ehunka langileren etorkizuna kolokan jarrita». Alfonso Gallardo Taldeak Azpeitiko lantegiekin etorkizunerako dituen asmoak ez ditu argitu. Baina Azpeitiko Udal Gobernuak garbi azaldu du espekulaziorik ez duela onartuko. «Gallardo taldeak Azpeitiko instalazioak hirugarren bati saldu eta langileak kalean uzteko asmoa badu, aurrez aurre izango du Azpeitiko Udala, eta bere esku dauden baliabide guztiak jarriko ditu hori ekiditeko. Azpeitiko lantegiarekin egiten diren operazio guztietan langileak aintzat hartu beharko dituzte», adierazi dute udaleko arduradunek. Azpeitiko Udalak herriko eta bailarako sozioekonomia «sustatzeko eta babesteko» bere esku dagoen guztia egiten segituko duela adierazi du. «Udalak gai hauen inguruan erabakitzeko eskumen gutxi ditu, baina dituen apur horiek bertako langileen nahiz sozioekonomiaren alde erabiltzen jarraituko du», esan du. Baina Udal Gobernuak Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari «beste horrenbeste egiteko» eskatu die. «Bi erakunde horiek dituzte sozioekonomia arloko eskumenak eta Azpeitia eta Urola bailararen garapena aintzat hartzeko eskatzen diegu».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide