Azkoitia eta Azpeitia arteko Munoaundi Burdin Aroko aztarnategian amaitu dituzte indusketak, zortzigarren urtez. Han elkartu diren boluntarioek bi eremu izan dituzte aztergai. Batetik, duela zazpi urte inguru ikertzen hasitako herrixkarako sarbidearen planoa osatu dute. Eta bestetik, hego-mendebaldean duela 2.500 urteko bizimoduaren arrastoan bila aritu dira. Hain zuzen, aurten eremu hori sakondu dute arkeologoek, eta horretarako 300 metro koadro gehiago zabaldu dituzte. Aurtengo helburua zen hego-mendebaldeko eremuan etxebizitzen arrastoak aurkitzea, baina hasierako geruzak aztertzen aritu dira. Beraz, ez dute halakorik topatu. «Harresiaren bi hormen aztarnak ikusi ditugu, eta uste dugu etxebizitzak harresien ondoan egongo zirela. Beraz, etxebizitzak hurrengo urtean aterako ditugu», adierazi du lanen zuzendari Sonia San Josek. Batez ere burdina galdatzeko zepak, eta eskuz eta tornuz egindako zeramikak aurkitu dituzte.
Herri harresituaren sarbidean, berriz, hegoaldeko babes egitura mugarriztatu dute. San Josek adierazi duenez, 1995.urtean egin zuten bide baten ondorioz sarbidearen zati bat puskatu egin zen. Dena den, aurtengo aurkikuntzarekin mendebaldea eta hegoaldeko dorrea lotu dituzte. «Dorreak 12 metroko zabalera du, eta orain ziur gaude non zegoen».
Hori hala izanik, aurtengo lanen balorazio positiboa egin du San Josek. Indusketak egin dituzten bitartean, gainera, ia euririk ez dute izan boluntarioek, eta zentzu horretan gustura daude arduradunak. Baina hilabetea hain lehorra izateak lana oztopatu egin diela adierazi du zuzendariak. «Euriak azaroak sortzen dizkigu, baina lurra oso lehorra baldin badago, zaila da aztarnategiko materiala bereiztea».
Aranzadi Zientzia Elkarteak zuzendu ditu lanak, Iraurgi Lantzen garapen agentziaren koordinaziopean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Azkoitiko eta Azpeitiko udalen finantziazioari esker. San Josek aurreratu duenez, erakundeek hurrengo urtean indusketekin jarraitzeko asmoa dute.
Horrez gain, udazkenera begira panel informatiboak jartzeko asmoa dute Munoaundik. Besteak beste, aztarnategia zer den, hango proiektua eta lehenengo emaitzak plazaratuko dituzte panelen bidez.