Iraurgi Berritzenek bisita gidatuak antolatu ditu kanpoko bisitariek nahiz bertako herritarrek Azkoitiko eta Azpeitiko gune historikoak ezagutu ditzaten. Ohi bezala, abuztuan eta irailean egingo dituzte bisita gidatuak, eta Azkoitiaren kasuan, herriko kronista ofizial eta Euskal Herriko Adiskideen Elkarteko kide Juan Bautista Mendizabalek izango du horren ardura. Antolatzaileek adierazi dutenez, bertaratzen direnek Azkoitiko zein Azpeitiko historia eta bilakaera ezagutuko dituzte, «modu atseginean». Gune historikoko dorretxe, jauregi, eliza eta etxe esanguratsuenak, eta herrian protagonista izan diren pertsonaien inguruko azalpenak jasoko dituzte, besteak beste.
Azkoitian Etxe Beltza izango da bisitatuko duten guneetako bat. (Ane Olaizola/Hitza)
Azkoitiaren kasuan, Idiakez dorretxea edo Etxe Beltza, Amabirjinaren Jasokunde Parrokia, Intsausti Jauregia eta Balda Dorretxea eta hango plazan dagoen Batarrabi eskulturaren nondik norakoak ezagutuko dituzte. Abuztuaren 3an eta 24ean, eta irailaren 7an eta 21ean egingo dituzte bisitak. Guztietan 12:30ean elkartuko dira, eliza atarian.
Azpeitiko bisita gidatuek, berriz, Sebastian Donearen eliza nagusia eta hango elementuak izango dute ardatz, batez ere Bakardade kapera, gisa horretako Euskal Herriko bakarra. Kasu honetan, abuztuaren 10ean, 17an eta 31n eta irailaren 14ean egingo dituzte bisitak. 12:30ean elkartuko dira, eliza atarian.
Bisitek bi euroko kostua izango dute, eta txartelak unean bertan eskuratu ahal izango dira. Dena den, ezarritako saioez gain bestelako eskaintza bat ere jarri dute abian. Aaurrez erreserba eginez gero, taldeei zuzendutako bisitak ere egingo dituzte bi hilabete horietan.
Erreserbak eskualdeko turismo bulegoetan egin daitezke. Baita 943-15 18 78 telefono zenbakira deituta ere, edo i-loiola@turismo.net helbidera idatzita. Informazio gehiago ere bide horietatik lor daiteke.
Lan eskaintza
Iraurgi Berritzen-ek, bestetik, bi lan orientatzaile kontratatzeko deialdia egin du. Irailetik aurrera bete beharreko lanpostuak dira. Lan orientazio zentroan eta enplegu zentroan enplegu eskatzaileei harrera egingo dietenak behar dira. Aste honetan eman behar da izena Lanbiden. Baldintzak, berriz, giza zientzien arloarekin lotutako goi-maila edo erdi-mailako unibetsitateko ikasketak izatea, lan-orientatzaile bezala gutxienez urtebeteko esperientzia izatea, eta ofimatika, Internet eta lan-merkatua ezagutzea dira, besteak beste. Informazio gehiago Lanbiden bertan aurki daiteke.