Baserritarren Eguna ospatuko dute bihar Azpeitian, Santio Egunez

Nerea Uranga 2013ko uztailaren 24a

41. Sagardo Txapelketaren antolatzaileak herenegun aurkeztu zuten aurtengo ekitaldia, Añotan (Nerea Uranga/Hitza) Egun osoko festa izango da plazan eta inguruetan. Frontoi Txikian, Ilunpe pilota elkartekoen txapelketako finalak jokatuko dira, bukaeran Jesus Ruiz de Argandoñari omenaldia egingo diote, elkartean haur eta gazteei pilota erakusten jardundako 30 urteen ordainetan. Harekin batera, pilota elkarteko batzordekideei ere aipamena egingo diete. Herriko plazan, eguerditik aurrera, txekor eta hegaluze errearen pintxoak jateko aukera egongo da. Baita 41. sagardo txapelketan parte hartuko duten sagardogileen sagardoa edateko aukera ere. 23 sagardogilek hartuko dute parte. «Plazako arkupea oso-osorik beteko da sagardogileen postuekin. Gehiagok ere parte hartu nahi izaten dute, baina tokirik ez dagoelako ezin diegu aukera eman», azaldu dute lehiaketaren antolatzaile Goikabi, Landeta eta Loiolatxo elkarteetako kideek. Azken urteetan ohi bezala bi lehiaketa jokatuko dira sagardoaren bueltan, bata herriko elkarteetako ordezkariek epaimahai jardungo dutena, eta bestea sagardozaleen epaimahaiarena. «Azpeitia sagardoarentzako plaza garrantzitsua da, bertan sagrado asko saltzen delako», diote antolatzaileek. «Horregatik, denak sagardo on samarrarekin etortzen saiatzen dira». Emakumeak sagardo lehian Txapelketaren antolaketan eta epaimahaian emakumeak parte hartzea nahi dutela nabarmendu dute, prest leudekenak aurkitzeko zailtasunak dituztelako. «Saiatu gara aurten ere, baina ez dugu lortu. Baina bateren bat prest balego, txapelketaren egunean etor dadila epaimahaira edota sagardoa ateratzera». Txapelketaren hasieratan, emakumeek parte hartzen zutela gogoratu dute, eta haiek egindako lana aipatu dute. «Aurrean, epaimahaian eta, gizonezkoak azaltzen baziren ere, atzean lanean jarduten zutenen artean baziren emakumeak ere; Miren Zinkunegi eta Maitere Gurrutxaga aritzen ziren lehiaketara tortillak eta arrautza egosiak prestatzen. Haiei ere aipamena zor zaie». San Inazio bezperan, txupinazoan ere parte hartuko dute aurten sagardo lehiaketa antolatzen hasi zirenak. Haietako bat Javier Garate da, eta garai batekoak oroitu ditu: «Gu hasi baino aurreragotik plazako kioskoan egiten zuten sagardo txapelketa, edaria kiosko azpian hozten jarrita. Gero, gu azoka plazan hasi ginen egiten, baina kiosko azpian edukitzen genituen sagardoak freskatzen». Berdura Plazan mahaiak jartzen ziren sagardoa edateko, baina txiki gelditu zen jendea harat-honat ibiltzeko. «Garai hartan jendeak kalean ez zuen gaur egun adina sagardo edaten; mahaiaren bueltan jarrita, bai». Urte askoren ondoren, plazan egiten dute txapelketa. Hondakinak birziklatzeko deia Azpeitiko Udalak Gugandik hasita hondakinak birziklatzeko kanpainarekin segiko du jaietan ere. Horregatik, herritarrei hondakinak bereizita botatzeko eskatu die, plazan jarriko dituzten edukiontzien bidez. «Jaiak ondo pasatzeko denon alaitasuna eta parte hartzea beharrezkoa izango da, baina horri loturik, errespetua ere ezinbesteko tresna izango da. Errespetua gure ondokorekiko eta baita ingurumenarekiko ere», adierazi du udalak. Egitaraua Uztailak 24, asteazkena
  • 21:15. Musika Bandaren kontzertua, Azpeitiko pasodobleak. Olazko Andre Mariaren plazan.
Uztailak 25, osteguna. Baserritarren Eguna
  • 09:00. Azpeitiko Musika Bandaren eta Izarraitz Txistulari Taldearen goiz-eresia.
  • 10:30. Ilunpe Pilota Elkartearen XXIX. Txapelketa, Cesar Valverde Saria, Frontoi Txikian. Jesus Ruiz de Argandoñari Boluntario Saria emango dio udalak. Benjamin aurrekoetan, Arellano Errastiren kontra; benjaminetan, Egigurene eta Elosegi Alonsoren eta Zigaranen kontra; alebinetan, Unanue eta Segurola Alberdiren eta Aranbarriren aurka; eta, infantiletan, Egiguren eta Aranguren Iriarteren eta Expositoren kontra.
  • 11:00. Eskualde mailako ganadu erakusketa, Astotegian. Plazan, XV. Ardi Gazta Lehiaketa.
  • 11:45. Nafarroako bandera Olazko plazatik plazara eramango dute, udaletxeko balkoian jartzeko. Gero, plazan, Ikurrinaren dantza. Azpeitiarron Nafar Zuzterrak antolatuta.
  • 12:00. XLI. Sagardo Txapelketa, plazan. Txekor eta hegaluze errearen pintxoak. Beñat Lizaso, Julio Soto eta Sebaxtian Lizaso bertsolariak eta Laja, Mikel eta Ezenarro trikitilariak.
  • 16:00. Haur parkea, Olazko Andra Mariaren plazan.
  • 18:00. Kantu poteoa, San Martin egoitzatik hasita.
  • 18:30. Errekortarien txapelketa, zezen-plazan.
  • 19:30. Jainekin txarangaren kalejira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide