Errekortari Txapelketaren aurkezpena zezen-plazan egin dute (Nerea Uranga/Hitza)
Norgehiagokaren saio bakarra Azpeitian jokatuko da Santio egunez, 18:30ean. Zezen-plazan jokatuko da 2013ko Errekortarien Txapelketaren VII.a eta Zezen Beltz sariaren III. edizioa. Orain arte txapelketa hainbat herritan jokatu da, baina aurten Azpeitian bakarrik jokatuko da. Lehiak Espainiako Estatuko errekortari onenak bilduko ditu, Errekortariren aurreko edizioetako irabazleekin lehiatzeko. Nabarmentzekoa da, aurrenekoz emakume batek hartuko duela parte: Carolina Delgadok. Etzi zezen-plazan parte hartuko duten errekortariak «maila handikoak» direla eta «ikusgarria» izango dela aurreratu dute. Zezen Beltz taldeak, Azpeitiko Udalak eta Taurovision enpresak antolatutako ekitaldia da.
Azpeitiko errekortari txapelketak honako dinamika izango du: aurrena, estatuko lehen hamabi errekortariren artean III. Zezen Beltz sariko irabazlea erabakiko dute. Irabazle hori final handira pasatuko da, eta han errekortari lehiaketaren lau txapeldun historikoekin neurtuko da. Azken lehia horretan 2013ko Errekortarien Txapelketako txapelduna erabakiko da. Irabazleak 3.007 euroko saria jasoko du.
Etziko ekitaldian parte hartuko duten hamabi errekortariak dira: Asier Guerra, Jonatan Estebanez
El peta, Jesus Benito
El Chispa, Josele, Juan Manuel Corcovado, Paquito Murillo, Roberto Garcia Durango, Cristian Blanco, Eloy Pueyo, Sergio Urruticoechea, Alberto Panadero eta Carolina Delgado.
Errekortari txapelketan Javier Molina (Sevilla, Espainia) ganadutegiko zezenekin ariko dira eta lehiaketa ETB1en lehiaketa abuztuaren 1ean emango dute.
Sarrerak salgai
Dagoeneko errekortari txapelketarako sarrerak saltzen jarri dituzte: zenbakidun gabeko sarrerak 15 euro balio dute helduentzako eta 10 euro 5 eta 14 urte arteko haurrentzat. Azpeitian Pastorkua, Juantxo Txiki, Ametsa, Iraurgi SB, Artzubia, Eguzkitza, Etxe-Zuri, Jim Clark eta Diegon daude saltzen eta Azkoitiko Elurren. Zenbakidun sarrerak 15 eta 25 euro artean salduko dituzte bihar 18:00etatik 20:00etara, udaletxeko arkupetan. Ostegunean ere zezen-plazan salgai izango dira, 17:00etatik aurrera.