Jesus Ruiz de Argandoña: "Maite dut herria, eta haren alde zerbait egin badezaket, egin egiten dut"

Nerea Uranga 2013ko uzt. 19a, 04:00

(Argazkia: Nerea Uranga/Hitza) Azpeitian 30 urtez haurrei eta gazteei pilotan irakasten jardun eta gero, jarduna utziko du Jesus Ruiz de Argandoña Keuttin-ek (Azpeitia, 1946). Ilunpe Pilota Elkartearen gidaritzako lekukoa zalantzan du, ordea. «Ni laguntzeko prest nago gero ere, baina eguneroko ardurak utzi nahi ditut». Santio egunez utziko du boluntario lana, Ilunpe Pilota Elkarteko XXIX. Txapelketa Cesar Valverde Sariaren finalen ostean. Orduak eta orduak igaro ditu Frontoi Txikian, «hotz galantak pasatuz, baina inoiz katarrorik harrapatu gabe». Hantxe bertan hartu du UROLA KOSTAKO HITZA. Santio egunetik aurrera Ilunpetik erretiroa hartuko duzu. Zer egingo duzu gero? Nik elkartekoei esan diet laguntzeko prest izango naizela, baina eguneroko obligaziorik ez dudala nahi. Asteburuak ere libre nahi ditut. Hemen askotan larunbat goizean entrenamenduak izaten dira, arratsaldetan partidak, eta igande goizetan ere bai askotan. Gogoa dudanean etorriko naiz Frontoi Txikira. Nondik nora hasi zinen Azpeitiko pilotako elkartean? Ilunpe elkartea sortu genuenean, Eusko Jaurlaritzak kirolari edo aisialdiri lotutako zerbait egiteko eskatu zigun. Orduan, herrian pilota elkarterik ez zegoelak,o horretantxe hasi ginen, 1982. urtean. Garai hartan herria hamar urtez pilotalekurik gabe egon zen; Frontoi Txikia botata zegoen, eta Betharrametan aritzen ginen. Pilotarako jiterik ez zegoen herrian. Hala ere, pixkanaka hasi egin ginen, eta gaur arte. Aurretik pilotarako zaletasunik ba al zenuen? Pixka bat ibiltzen ginen, baina futbolean gehiago; Lagun Onak-en ibili nintzen. Gero, pilotarako zaletasuna hartu, eta segi eta segi egin nuen. Ilunpe Pilota Elkartearen hasierak nolakoak izan ziren? Betharrametan hasi ginen. Han bazeuden lau edo bost afizioa zutenak, eta beste batzuk, 40-45 urtekoak, pilotan ibiltzen zirenak. Horregatik, beteranoen pilota txapelketa antolatzen hasi ginen, haurrek pilota zer zen ikus zezaten. Zaharren hamar-hamabi txapelketa egin genituen. Jende asko joaten zen ikustera, zaletasuna bazegoen eta. Errezilen ere beste bizpahiru urtean egin genuen beteranoen txapelketa. Ondoren, haurrak eta gaztexeagoak ere hasi ziren, eta halaxe segitu genuen. Hainbeste haur pasatu da Frontoi Txikitik... Pilotari onak zer behar du? Pilotan ona dena futbolean ere ona da, kirolean ona delako, oro har. Gogoa izan eta pilotarako egokia denari laster igartzen zaio; berezkoa ekartzen ditu pilotari onak posturak-eta. Gero irakatsi egiten zaie, pixka bat. Txapelketa batzuk ere irabazi ditu Ilunpek. Zein nabarmenduko zenuke? Irabazi genuen Gipuzkoako herriarteko aurreneko txapela espero ez genuela atera genuen. Ordutik hamar urtez Gipuzkoako onenak izan ginen, baina azkoitiarrekin jokatzerik ez zitzaigun egokitu haiei irabazteko, eta iaz haien kontra jokatu eta galdu egin genuen. Gipuzkoako herriarteko sei finaletara iritsi ginen, eta hiru irabazi eta hiru galdu genituen. Gainera, behin Euskadikoa ere atera genuen. Zergatik ez du parte hartu Ilunpek aurtengo Herriarteko pilota txapelketan? 14-15 urtetik gorako pilotari txarrik ere ez daukagu. 10 urtetik 14 urtera arteko Gipuzkoako pilotari onenak dauzkagu Ilunpen, final eta finalaurreko guztietara ailegatzen ari direnak. Txapel eta kopa piloa ekartzen ari dira. Baina hortik gorako pilotari bakar bat ere ez daukagu, eta talderik ezin dugu osatu. Gaur egun hoiek segituko ote dute? Afizioa badute pilotarako, baina futbola eta pilota aukeran dutenean, azkar futbolera joaten dira. Ilunpe Pilota Elkarteari esker jende asko ezagutu al duzu? Bai, halaxe da. Gipuzkoa osoan ezagutu dut jendea. Gainera, iskanbila eta zorakeria toki guztietan ibiltzen dugu, eta laster hasten dira hemen da azpeitiarra esanez. Ederra hori dauka pilota elkartean jarduteak, toki asko eta lagun piloa ezagutzen dela. Asko balio du, asko estimatzen dut. (Argazkia: N.U./Hitza) Zer du Azpeitiko Frontoi Txikiak? Azkar bustitzen dela. Noiznahi urez bete, eta igerilekua sortzen da. Bestela, frontoi ona da jokatzeko. Lur ona eta frente ona ditu. Frontoi oso noblea da. Baina hestuegia dela ere esan behar. Jendez erraz betetze da, eta giroa sortzen da. Horretan ederra da. Herri erdian dago, baina horrek alde onak eta txarrak ditu. Asteburuen ondoren puskatutako kristalez beteta egoten da. Santio egunean utziko duzu Ilunpeko jarduna, pilota txapelketako finalaren ondoren. Egun berezia izango al da zuretzako? Ez dakit. Sorpresaren bat izango dudala aurreratu didate; trajea egin behar al dudan ere galdetu diet. Egun berezia izango dela iruditzen zait, baina bestela ere pilota elkarteko batzordean gaudenontzat hala izaten da, finalak eta gero bazkaria egiten dugulako. Santo Tomas eguna eta Santio eguna beti dira bereziak, pilota txapelketetako finalak jokatzen baititugu. Egun ederrak dira biak. Gainera, egun horietan Frontoi Txikia jendez gainezka izaten da. Hala da, bai. Jende asko etortzen da, gurasoak eta pilota eskolan ibilitako haurrak... Giro polita sortzen da finalen egunetan. Beteta egoten da frontoia. Pilotaren bidez ez bada, herriko festa gehienetan parte hartu izan duzu; inauterietan-eta mozorrotuz... Bai, bai. Nik herria asko maite dut, Azpeitia asko maite dut. Eta herriaren alde zerbait egin badezaket, egin egiten dut, eta kito. Inauterietan gurekin jendeak barre egiten badu, ondo, eta nik nahiago. Inauterietan askotan saria irabazi eta mozorroarekin lagundutako jende guztia gonbidatzen genuen bazkaltzera. Ilunpek Herriartekoa irabazitakoan behin baino gehiagotan igo zara udaletxeko balkoira. Orain, berriz, saninazioetako txupinazoan han izango zara. Bai, eta hurrengoan alkate. Horixe bakarrik falta zait. Hurrengoan alkate jarriko naute. Esan didate nik ere etxafuegoa kajoi gainera igota bota beharko dudala, bestela ez naizela ailegatuko. Etxafuegoa Azkoitira begira botako dudala erantzun izan diet. Ilunpen pilota irakasten jarduteaz gain, Izarraizko profesionalen arteko partidak zuek antolatu izan al dituzue? Izarraizko pilota partidak antolatzen Ilunpekoak hasi ginen. Izarraitz dena utzita zegoen, eta guk elkartean dirurik ez genuen. Orduan Festa zinegotzia zen Kepa Ibarzabalekin hitz egin, eta hark pilota partidak antolatzeko dirua eman zigun. Halaxe hasi ginen, eta San Inazio egun batean loteria egokitu zitzaigun Goñirekin. Titin eta Goñiren arteko partida antolatu genuen, baina Titin ez zetorrela abisatu zigun Bidartek. Sarrera denak salduta genituen ordurako, eta itzultzeko aukera jarri genuen. Baina jendea Goñi ikustera etorri zen amorratuta, puri-purian zegoelako. Partida hartan bost milioi pezeta atera genuen. Oraindik diru hari tiraka gabiltza Ilunpen. Profesionaletan pilotari gustukoenak zein dituzu? Nik nire garaikoen artean Tapia II.a nuen gustukoa, espektakulu hutsa zen. Geroagokoetan Titin, eta atzelarietan Galarza, elegantea. Orain, berriz, Olaizola eta Irujo, baina nahiago Olaizola. Hala ere, nire ustez orain gazteegi debutatzen dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide