Haritz Harreguy Sen musika taldeko gitarrista
Urteko itzulerarik sonatuetakoa izan da Sen musika taldearena. Bospasei urtez makina bat emanaldi eskaini eta hiru disko atera ondoren, ibilbidea eten zuen. Hamar urtez beste zeregin batzuetan aritu ondoren, oholtza gainera bueltatu dira Haritz Harreguy (Usurbil, 1974) gitarrista eta enparauak; hau da, Aitor Uriarte abeslaria eta gitarrista, Joseba San Sebastian baxu-jotzailea eta Aiheko Zubimendi bateria-jotzaileak. Bihar, Azpeitiko plazan emango dute kontzertua, 23:00etan.
Hamarkada bat geroago, zuzenekoetara itzuli zarete. Senak hala eskatuta, akaso?
Beti izan dugu itzultzeko ideia buruan, baina etxean guraso gara eta ez zen erraza. Ez geunden horretara jarrita. Orain, tarte pixka bat hartu dugu, eta talderi berriro heldu diogu. Urtarrilean Aitor Uriartek eta biok izandako solasaldi baten ondorioz abiatu gara. Aitorri deitu nion, grabatzen ari nintzen talde batek haren kolaborazioa nahi zuelako, eta gaia berriro atera zen. Beste bi taldekideei deitu eta entseiatzen hastea erabaki genuen. Di-da batean egin genuen guztia!
Urtarrilean elkartu eta martxoaren erdialdean jada lehen kontzertua, Usurbilgo gaztetxean.
Hori da. Gaztetxekoa entsegu ireki bat bezala planteatu genuen, Gazte Danbadako prestaketa gisara, eta harrituta geratu ginen jendearen erantzunarekin. Izan ere, 440 lagun inguru gerturatu ziren. Ez genuen halakorik espero.
Horrenbeste jarraitzaile mugitzen al zenuten hasierako garaietan?
Bai, zera! Ez genuen horrenbeste pertsona mugitzen... eta are gutxiago jartzen ziren abesten. Zur eta lur geratu ginen, bertaratu zen askok ez zutelako taldea orduan ezagutu, baizik eta utzi eta gero. Herriko gazteek esaten zidaten haluzinatu egingo nuela erantzunarekin. Gure artean apustuak egiten ibili ginen erdi-txantxetan: 50 lagun aurreikusten genituen, eta 200 lagun asko jota. Ezusteko ederra jaso genuen.
Hortaz, espero zenutena baino itzulera gozoagoa izaten ari al da?
Beno, errespetu handiarekin ari gara. Itzuleko lehen emanaldiak bere azalpena izan dezake, ni neu usurbildarra naizelako. Beste emanaldi batzuk jo ditugu, eta ikusle kopurua apalagoa izan da. Dena dela, musika-kultura edo musikarako zaletasuna dagoen tokitan harrera txukuna edukitzen ari gara. Adibidez, Ondarroako Kafe Antzokian 6-8 eurotan jarri zituzten sarrerak, eta 150 pertsona hurbildu zitzaizkigun. Alde horretatik, nahiko gustura ari gara; betiere, jakinda zer izan ginen eta zer garen.
Sen musika taldea
Berezia izan al da hasierako sentipen haiek biziberritzea?
Egia esan, oso sentipen onarekin ari gara. Lasai antzera, nolabait esateko. Lagun zaharrak berriro elkartu gara, eta gure abesti zaharrak eguneratuta jotzea esperientzia polita izaten ari da.
Itzulerarekin batera Izarrak berri izeneko abestia grabatu duzue. Zuentzako oparia, jarraitzaileentzako oparia, etor daiteken diskoaren aurrerapena... Zer da abesti hau?
Itzulerari bultzada bat emateko modua izan da. Hemen gaudela esateko, gutxienez ere, abesti berri bat grabatzea bururatu zitzaigun. Hala ere, abestiaren zirriborroa ez da oraingoa, baizik eta utzi aurreko garaikoa. Egun beste musika mota bat entzuten dugu, eta aurrerantzean zerbait berria egin beharko bagenu, beste modu batera egingo genuke.
Abestiaren ideia zaharra bada ere, letra berria da. Izan ere, Sen taldearen itzulera kontatzen du.
Aitorren ikuspuntu hori eman nahi izan dioa abestiari. Konposizioaren ideia zaharra bada ere, letra orain egindakoa da. Musikari dagokionez, gauza batzuk aldatu egin ditugu, gaur egunera moldatuz, baina zirriborroa, behintzat, duela hamar urtekoa da.
Eta disko berriren bat izango al da?
Ez dakigu. Horretan ari gara, gaiari bueltak ematen, nahiz eta hasieran esan genuen ez geneukala disko berri bat egiteko asmorik. Jendearen harrerak ez gaitu eragintzen halako erabaki bat hartzerakoan. Gure barruari egitendiogu kasu; hau da, senak bultzarazten gaitu zerbait egitera. Jende interesgarri asko ezagutzen dugu eta, agian, beste era batera edo beste soinu batzuk jorratuz zerbait egin genezake. Dena dela, inolako presarik ez dugu.