Saninazioetako txupinazoan Jesus Ruiz de Argandoñak eta sagardozaleek hartuko dute parte

Nerea Uranga 2013ko uztailaren 12a

Saninazioetako txupinazoan Jesus Ruiz de Argandoña Keuttin Ilunpe Pilota Elkarteko kideak eta Juanito Lazkano, Jabier Garate eta Jose Luis Goenaga Santiotako Sagardo Txapelketaren sortzaileek hartuko dute parte, udal ordezkari politikoekin eta Marea Arrosakoekin batera. «Festetako hainbat ekitaldirekin izan duten loturagatik, haiek egindako lana eskertu nahi dugu», azaldu du Mikel Ibarzabalek, Azpeitiko Udaleko Festa zinegotziak. Iazko saninazioetako txupinazoa Marea Arrosakoek bota zuten. (Ane Olaizola/Hitza) Jesus Ruiz de Argandoña Keuttin-ek 30 urte inguru darama Ilunpe Pilota Elkartean, herrian kirol hori sustatzen. Frontoi Txikian haurrei pilota irakasten eta herrian pilota txapelketak antolatzen ere jardun du. Baina aurten Ilunpeko jarduna utzi egingo du, 67 urte betetzeko bidean dela-eta «erretiroa hartzeko garaia» delakoan. Hala jakinarazi zion Ruiz de Argandoñak berak Uztarria Azpeitiko herri aldizkariari. «30 urtean nabil, eta santioetan utziko dut frontoiko lana», zioen. Santio egunez Baserritarren Eguna ospatuko da Azpeitian. Goizez Frontoi Txikian Ilunpeko Pilota Elkartearen XXIX. Txapelketa Cesar Valverde Saria jokatuko dute. «Euskal Herriko zaharrena» Azpeitiko 41. Sagardo Txapelketa ere Santio egunez jokatuko da, ohi bezala. Goikabi, Loiolatxo eta Landeta elkarteek antolatzen dute, Azpeitiko Udalaren laguntzarekin. Txapelketaren antolatzaileen arabera, Euskal Herriko sagardo lehiaketa zaharrena da Azpeitikoa. «Sagardozale Elkartetik eta ingurutik jasotako datuen arabera, hainbeste urtean etenik gabe egin den txapelketarik ez dago Euskal Herrian. Lehenago hasitako batzuk egongo ziren, baina bidean gelditu dira asko». Sagardoaren txapelketa antolatzen hasi ziren batzordeko hiru herritar gonbidatu dituzte San Inazio bezperan festei hasiera emateko ekitaldira: Juanito Lazkano, Jabier Garate eta Jose Luis Goenaga. Umeen Eguna antolatuz Haujijijai festa batzordea, besteak beste, Umeen Eguneko hainbat ekitaldi antolatzen ari da. Hilaren 28an izango da haurrei zuzendutako jaia. Horri lotuta, Umeen Egunean begirale jardun nahi duten herritarrak bilera informatibora deitu ditu datorren astelehenean, 21:00etan, herriko plazan. «Eguna eta festak aurrera ateratzeko beharrezkoa dugu jendearen laguntza, eta asko eskertuko dugu parte hartzea», azaldu dute batzordekoek. Umeen Egunean bazkaria, jolasak eta erromeria egingo dituzte eta egun batzuk barru bertan parte hartu nahi dutenek izena emateko epea zabalduko dutela iragarri dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide