"Animaliei garrantzia emanez" antolatu dituzte saninazioetako zezenketak

Nerea Uranga 2013ko ekainaren 26a

Hilabete lehenago aurkeztu du Azpeitiko Zezenzale Batzordeak saninazioetako zezenketen kartela. Zein ganadutegietako zezenak ekarriko dituzten eta nork toreatuko dituzten argitu zuten kideek ostiralean, Azpeitiko Sindikatu Zaharrean. Aurtengo zezenketak ere «zezenei garrantzia emanez» antolatu dituztela nabarmendu dute. Ureña, Aguilar eta Pinar ezpatariak, Joxin Iriarte Azpeitiko Zezenzale Batzordekoarekin (eskuinetik bigarrena), aurkezpenean. (Nerea Uranga/Hitza) Uztailaren 30ean, 31n eta abuztuaren 1ean izango dira zezenketak. San Inazio bezperan Celestino Cuadri (Huelva, Andaluzia, Espainia) ganadutegikoak aterako dituzte, egunean Palhakoak (Porto Alto, Portugal) eta bigarrenean Pedraza de Yeltesekoak (Salamanca, Espainia). Ezpatariak edo toreatzaileak hauek izango dira: Uceda Leal, Javier Castaño eta Ruben Pinar, aurreneko zezenketan; Manuel Escribano, Alberto Aguilar eta Paco Ureña bigarrengoan; eta, azkenekoan Manuel Jesus El Cid, Ivan Fandiño eta David Mora. Zezenzale batzordeko ordezkariez gain, Azpeitiko zezen-plazan toreatuko duten hiru ezpatarik ere parte hartu zuten aurkezpenean. Aguilar, Ureña eta Pinarrek azaldu dutenez, «ilusioz» daude Azpeitian jarduteko. Bertan aritzeko aukera eskertu zuten. Egutegian, «bere lekua» Alfredo Casas kazetariak ere hartu zuen parte aurkezpenean. «Azpeitiko zezenketek zezen festen egutegian bere lekua dute», adierazi zuen. «Festa honek gipuzkoarron sentimenduarekin lotura sendoa du. Festak ez du mugekin, banderekin eta ideologiekin zerikusirik. Are gutxiago Azpeitian, antolatzaileek ongintzazko helburuak bakarrik baitituzte». Casas kazetariaren arabera, Azpeitiko zezenketetara datozenek aberastasuna dakarte herrira. «Hemengo jatetxeetan-eta jaten dugu, hemengo kaleetan ibiltzen gara. Gero, batzuk pilotalekura joaten dira pilota partidak ikustera, eta beste batzuk, ordainduta, zezen-plazara, zezenak ikustera». Azpeitiko Zezenzale Batzordeak egindako lana eskertu zuen horregatik. Azpeitiko zezenketen inguruko bideo bat prestatu dute, eta aurten herriko zezen-plazak 110 urte betetzen dituela eta, zezenketetako bonoa dutenen artean banatuko dute. Bonoak uztailaren 21a arte jaso daitezke, Plaza Txikian. Lanegunetan, 18:00etatik 20:00etara eta larunbatetan eta jai egun bezperetan 11:00etatik 13:00etara. Sarrerak uztailaren 23an jarriko dituzte salgai.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide