Morilloren eta Ibargurenen lan bana argitaratuko du Gaumin etxeak

Nerea Uranga 2013ko ekainaren 20a

Gaumin argitaletxeak bi azpeitiarren uzta berria kaleratuko du aste honetan bertan. Batetik,  Fernando Morillo idazlearen Pasio krimena liburua eta bestetik, Iñigo Ibargurenek idatzitako Triangelu irristakorra. Fernando Morilloren lan berria atzo aurkeztu zuen, eta bihar Ibargurenen  liburua aurkeztuko du, hain zuzen, 19:00etan, Azpeitiko udal liburutegian (Enparan Dorretxean). Gaumin argitaletxeak bi urte bete berri ditu, gainera. «Orain bi urte garai zaila zen, eta garai zailagoa da oraingoa», azaldu du argitaletxearen sortzaile Morillok berak. Fernando Morillok atzo aurkeztu zuen Pasio krimena lana, Donostian (Gaumin Argitaletxea) Garai zailak izan arren, ibilian eta lan berriak aurkezten, «ametsak gauzatzen» ari direla esan du idazle azpeitiarrak eta argitaletxeko kideak. Gaumin argitaletxeak ateratako hainbat lanek harrera bikaina izan duela ere azaldu du Morillok: «Iaz aurkeztutako Abbadiaren sekretua eta Zonbia San Mamesen liburuak bizpahiru hilabetean agortu ziren». Gaumin argitaletxean duten etorkizunerako amets nagusia «euskal irakurleak erakartzen jarraitzea eta haien kopurua biderkatzea» dela nabarmendu du. Morillok bere lan berria, «thriller zientifikoa», atzo aurkeztu zuen Donostian. Pasio krimena «nobela gorri-beltza» dela azaldu du. «Pasioaren bi aurpegi nabarmenenak azaltzen dira: pizgarria eta suntsigarria. Pasioak gorantz eraman gaitzake, eta amildegi sakonenera. Pasioaren kolorea gorria dela esango nuke gehiago, eta gorri horrek une beltz batzuetara eramaten duela». Korapilo kriminal bat eta pasioa ditu ardatz eleberriak. Orain ere zientzia presente Morilloren beste hamaika idazlanetan bezalaxe, oraingo honetan ere zientziaren arrastoak azaltzen dira idazleak aurreratu bezala. «Zientziaren zabalak aukera handia ematen dit hainbat begirada desberdin ezagutzeko», dio. Kaleratu berri duen nobelan zientziaren beraren historia pasartetxoak, zientzilarien pasioak, kaosaren matematika, metereologiaren ikusgarritasuna... jaso ditu. Irakurleak ehizatzeko testuak idazten saiatzen dela aitortu du Morillok azkenengo lana aurkezterako orduan. «Nire erronka, testu adiktiboak sortzen ahalegintzea da. Irakurle pasionalak, biziak, denetarik irakurri dezaketenak eta irakurtzen dutenak lortzeko. Irakurle zoriontsuak». Pasio krimena liburuko pertsonaia nagusietako neska bat zientziazale amorratua eta izaera bitxia duena dela azaldu du azpeitiar idazleak. «Pertsonaia horren izaerak berak egoera umoretsu asko sortzen ditu», azaldu du Morillok.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide