Iraurgi Cup 2013 Adiskidetasunaren Txapelketaren zazpigarren edizioaren txapelketa nagusia jokatuko da gaur eta bihar, Azpeitiko Garmendipeko futbol zelaietan. Alebin mailako mutilen futbol 8ko txapelketan 24 taldek hartuko dute parte.
Gabonetako txapelketako irudi bat (Argazkia: Iraurgi Cup)
Txapelketan ariko diren taldeak dira: Barcelona, Malaga, Osasuna, Sporting, Antiguoko, Real Madril, Valencia, Zaragoza, Celta, Lagun Onak A, At. Madrid, Sevilla, Villarreal, Racing Club, Alaves, Getafe, Rayo Vallecano, Espanyol, Valladolid, Athletic, Ermua, Vasconia, Barakaldo eta Bansander. Aipatutako azken lau taldeek, orain bi asteburu jokatutako txapelketan lortu zuten txapelketa nagusirako sailkatzea.
Jokalari eta entrenatzaileak kontutan hartatu 900 pertsonak parte hartuko dute Iraurgi Cup txapelketan. Kirolariez gainera futbol txapelketa antolatzen ehun boluntario baino gehiagok hartuko dutelako parte. Esaterako, parte hartuko duen talde bakoitzak antolakuntzako laguntzaile bat izango du uneoro. Honek, dauden egoitzatik futbol zelaietara eta otordua egingo duten tokira lagunduko die.
Gaur, larunbata, 09:30ean hasiko dira futbol partidak Garmendipeko bi futbol zelaietan. 13:30ak bitartean futbol partidak izango dira eta ondoren talde guztietakoak herriko soziedadeetara joango dira bazkaltzera. Hamahiru elkartetan banatuta bazkalduko dute futbol jokalari gazteek. Ondoren, 16:00etan, desfilea egingo dute talde guztiek Garmendipen eta 16:30etik 19:30era artean futbol partidak jokatuko dituzte. Partidak ari diren bitartean, txahal errearen pintxoak dastatzeko aukera ere izango da Garmendipen, Eusko Labeli esker.
Bi kirol elkarteri omenaldia
Igandean, 09:30etik 10:30era artean final-laurdenak jokatuko dira Garmendipeko belar artifizialeko futbol zelaian. Eta segidan, belarrezko zelaian, 10.30ean hasita, finalaurrekoak eta finala. Txapelketako azkenengo partidak bukatu ostean, garaikurrak banatzearekin batera, Iraurgi Cup kirol klubak herriko beste bi futbol elkarteri, Ikasberri Kirol Elkarteari eta Lagun Onak Futbol Klubari, omenaldia egin eta oroigarri bana emango die, «herrian kirolaren alde egiten duten lana eskertuz eta bukatu berri den denboraldian lortutakoagatik». Ikasberriko Garoa futbol taldeak Erregionaleko Lehen mailatik Gorengo mailara igotzea lortu du eta jubeniletako Lagun Onak-eko Glual taldeak, berriz, datorren denboraldia Euskal Ligan jokatzeko aukera lortu du.
Iraurgi Cup txapelketa kirolarentzat ezezik herriarentzako ere onuragarria dela azpimarratu dute bai antolatzaileek eta baita Azpeitiko Udaleko ordezkariek ere. Txapelketaren egunetan herrian kanpotik etorritako jende asko biltzen dela nabarmendu dute. Iraurgi Cup-eko Meliton Rodriguezek bihar eta etzi herritarrak Garmendipera gonbidatu ditu, «giro ederra egoten delako bertan».