Orkatzen 20. urteurrenaren berri emateko agerraldia, atzo. (Nerea Uranga/Hitza)
1993ko sanjoanetan ireki zituen ateak Orkatz Kultur Elkarteak. Orain 20 urte. Eta urtemuga ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu dute asteburuan.
Kultur elkartearen sorrerako nondik norakoak azaldu dituzte Orkatzekoek: «Bestelako herri bat amesten genuen herritarrontzako elkargune bat sortzeko eta Azpeitian Kultur Elkarte bat irekitzeko beharra ikusita, hori gauzatzeko bilera amaigabeak egin ziren, baita diru bilketa eta bestelako lanak ere. Ideiek eta ametsek, onenak izanda ere, egia bihurtzeko etengabeko lana eskatzen baitute».
20 urteotan ehunka jardunaldi antolatu ditu kultur elkarteak. «Ekimenak antolatzearekin batera, Azpeitiak urteotan izan duen eraldaketa prozesuan parte izan da Orkatz. Gaurko Azpeitia ez baita orain 20 urteko Azpeitia». Bidean gertatutakoak eta izandako hainbat asmo eta ekimen gogora ekarri dute. «Gaztetxe bat itxi eta bestea ireki zen; Basozabalen kultur etxea irekitzeko asmoa egon zen tartean; Soreasun kafe antzokia aldarrikatu zen; Sanagustinen kulturgunea jarri zen martxan, eta Kultur Mahaia ere sortu zen. Bide horretan, Orkatz Kultur Elkartea herriko beste eragile batzuen bidaide izan da».
Baina ametsekin batera amesgaiztoak ere izan dira Orkatzen hogei urteko ibilbidean. «Ez da erraza izan. Azpeitia eta Euskal Herrian aldaketaren beldur izan direnen begi-puntan egon baita kultur elkartea». 2003tik enbargo prebentiboan ditu lokalak eta blokeatuta kontuak, 35/02 auzia tarteko. Prozesu horrek milaka euroko gastuak eta ixteko mehatxua erantsi dizkio kultur elkartearen egitasmoari.
Baina «mehatxu eta oztopoen gainetik aurrera begira segitzeko asmoa» dute. «Orain 10 urte mehatxuak hasi zirenean elkartea berritu genuen, beste aldi bat zabalduz. Orain, lehen egindakoa hobetu eta gure proiektua indaberritu behar dugu».
Egitaraua
Ekainak 14, ostirala
- 22:30. Bertso saioa, Orkatzen. Ariko diren bertsolariak: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Jokin Uranga eta Haritz Etxeberria Ministro.
Ekainak 15, larunbata
- 11:30. Batzarra, Sindikatu Zaharrean.
- 13:00. Trikitilariekin hamaiketakoa, Orkatzen.
- 14:30. Bazkaria, Sanagustin kulturgunean. Bazkarirako txartelak Orkatzen daude salgai, eta erosteko azkenengo eguna gaur da. Ikasle eta langabeei 15 euro kostako zaie, eta soldatadunei 22 euro.
- Bazkalondoan. Amamantzako Guapuek taldearen emanaldia, Sanagustinen.
- 22:00. Egurra Ta Kitto! eta Belar Txarrak taldeen kontzertuak, Orkatzen.
Ekainak 16, igandea
- 12:00. Porrotxekin kalejira, Orkatz tabernatik abiatuta.