Ez dira oharkabean pasatu. Sanjuandegiko jaietako kartela begiratu bezain pronto, Ezinean musika taldearen izena ikusten da hizki lodiz, ostiraleko kontzertuen egitarauan. Laukotea bueltan da eszenatokira, nahiz eta argi utzi duten ez zutela sekula utzi. Duela hiruzpalau urte eman zuten azken kontzertua, eta, harrezkero, joko duten estreinakoa izango da ostiralekoa; 23:00etan hasiko da Azpeitiko auzoan, eta Kasik eta Laket taldeek ere joko dute. Asetuta, zuzenekoak emateari utzi eta atseden txiki bat hartzea hartu zuten. Edonola ere, entseiatzeari jarraitu zuten, baina kontzertuen presiorik izan gabe: «Hilean behin edo bitan elkartzen ginen, lasai antzera, entseaiatzeko. Duela urtebete, kanta dezente genituela eta, serioxeago hartu eta proiektu berriari ekitea erabaki genuen, disko berria grabatzeko eta kontzertuetara itzultzeko asmoarekin», azaldu du taldeko abeslari eta baxu-jotzaile Iban Amenabarrek. Gabonetan ekin zioten iraupen luzeko hirugarren lana grabatzeari, beren kasara. «Estudio batera joateko abestiak ongi prestatuta eduki behar dituzu, baina kasu honetan ez geneuzkan abestiak horren depuratuta. Beraz, grabatzen joan ahala, konposatzen ere joan gara. Beste patxada batekin aritu gara lanean, lagunartean eta askatasun handiarekin». Urrestillako entsegu-lokalean grabatu dute, Oihan Lizaso taldeko gitarristaren gidaritzapean; lehen diskoa grabatu zuen laukotea aritu da oraingoan ere. Prozesua bukatzear dute, xehetasun batzuren faltan. Nahasketak eginda diztuzte, baina masterizazioa zorroztea da falta zaien bakarra. «Berez bukatuta behar zuen, baina aste honetan kontzertua dugunez, datorren astera atzeratu dugu lan hori», adierazi du Amenabarrek. Diskoetxeekin harremanetan jarri badira ere, oraindik ez dakite norekin eta nola ikusiko duen argia hirugarren lanak. «Momentuz, airean dago». Hala eta guztiz ere, «gugatik lehenbailehen ateratzea da asmoa. Ahal baldin bada uda alderako eta udazkenerako kontzertu batzuk lotzen joateko». Diskoaren izenburua zintzilik dute oraindik, erabakitzeko. Edozein izanda ere, Ezineanek hardcore melodikoaren bidetik jarraitzen du proiektu berrian. Agian, hasieratara itzuli dira. Izan ere, «lehen diskoa freskoa eta sinplea zen, eta bigarrena, aldiz, teknikoagoa zen. Hirugarren honetan ere koruak nahiko landuak dira, baina abestien konposizioek hasierako sinpletasuna berreskuratu dute», dio Amenabarrek. «Freskura gehien duten 15 abesti aukeratu ditugu; itsaskorrenak eta errazen iristen direnak, alegia».
Jotzeko gogotsu
Urte dezente pasatuagatik, Sanjuandegiko emanaldirako urduritasunik ez dutela aitortu du taldekideak. Aitzitik, gogotsu daudela. «Diskoa oraindik argitaratu ez dugunez, ez ditugu abesti berri askorik joko. Gehien bat aurreko bi diskoetakoak joko ditugu. Baina ilusio handia dugu disko berria kaleratu eta abesti berriak zuzenean defendatzeko, nahiz eta jendeak hasiera batean zaharrak gehiago ezagutuko dituen». Ezineanen zuzenekoak oihartzun pixka bat sortu herrian, baita herritik kanpoko zaletuen artean ere. «Kuriositatea piztu dugu, antza denez. Badirudi jendea ez zegoela gutaz guztiz ahaztuta. Kontzertu honek beste batzuk ateratzeko balio izan digu, ahoz ahozkoaren bitartez, eta gustura gaude», aitortu du Amenabarrek.