Txapelketaren antolatzaileak, laguntzaileak eta babesleak, Iraurgi Cupen aurkezpenean. (Nerea Uranga/Hitza)
Datorren hileko bi asteburutan jokatuko da Iraurgi Cup 2013 Adiskidetasunaren Txapelketaren zazpigarren edizioa, Azpeitiko Garmendipeko futbol zelaietan. Alebin mailako mutilen futbol 8ko txapelketaren ekitaldi nagusia ekainaren 15ean eta 16an jokatuko da, eta aurretik sailkatze fasea, ekainaren 1ean eta 2an. Guztira 49 taldek hartuko dute parte: 25 Gipuzkoakoak eta 24 kanpokoak. «Aurten iazko txapelketako datuak hobetzea lortu dugu, bai parte-hartzaileen aldetik eta bai kalitate aldetik ere. Iaz baino gehiago da aurtengo txapelketa», azaldu du Iraurgi Cup Elkarteko presidente Meliton Rodriguezek.
Txapelketaren fase nagusian ariko diren taldeak dira: Barcelona, Espanyol, Real Madrid, Atletico Madrid, Rayo Vallecano, Getafe, Sevilla, Malaga, Valencia, Villarreal, Centa de Vigo, Sporting de Gijon, Santander, Zaragoza, Valladolid, Osasuna, Athletic de Bilbao, Alaves, Antiguoko eta Lagun Onak. Jokalari eta entrenatzaileak kontutan hartatu 900 pertsonak parte hartuko dute txapelketan. «Horiez gain, taldeetako mutilen guraso eta senideak etortzen dira Azpeitira, bertako eta inguruko hoteletan ostatu hartuz», azaldu dute Rodriguezek eta Halcon Bidaiakeko Maite Lazkanok. Lehiakideez gainera, futbol txapelketa aurrera eramateko ehun boluntario inguruk lanean jarduten dute, «haien lana ezinbestekoa dugu txapelketak arrakasta izateko».
Ekainaren 15ean, azken fasean ariko diren taldeetako kideek herriko elkarteetan bazkalduko dute. Babesleei eta laguntzaileek eskerrak helarazi dizkiete Iraurgi Cupetik. Hurrengo egunean, finalaren aurretik taldeen desfilea ere egingo dute Garmendipeko futbol zelaian, 16:00etan.
Orain hiru urte hasi ziren Iraurgi Cup txapelketa gaur egungo formatuarekin antolatzen, «orduan esan genuen gure txapelketa Euskadi mailan eta maila nazionalean erreferentea izatea nahi genuela. Gaur egun esan dezakegu helburu hori lortu dugula, gure txapelketan parte hartu izan dutenen iritziak entzunda».
Herriarentzako onura
Kirol arloan ezezik, herriarentzako ere onuragarria da txapelketa antolatzaileen eta udaleko ordezkarien arabera. «Azpeitiarentzat, ekonomian eta turismoan duen inpaktuagatik garrantzitsua da. Egun horietan jende asko biltzen baita Azpeitian eta hori ona da gure herriarentzako», dio Rodriguezek. Horretan, Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria ere bat etorri da, «neurri batean azpeitiar guztiok gara herriko enbaxadore. Baina, txapelketa honek herrira ekartzen duen jende kopurua kontutan hartuta, gure herria, izaera eta kultura ezagutzera emateko aukera bat da».
Horrez gain, Azpeitiko Udalaren ustez kirolaren bidez osasuna sustatzeaz gainera, Iraurgi Cup bezalako txapelketek talde lana eta elkarlana ere bultzatzen dute gaztetxoen artean, «gaur egun elkarlana eta talde lana oso balore garrantzitsuak dira», esan du Azpeitiko alkateak. Txapelketa aurrera ateratzeko lanean jarduten duten guztien lana ere eskertu du Etxeberriak.
Gipuzkoako Futbol Federaziokoak Ramon Azkaratek Iraurgi Cupek antolatzen duen moduko txapelketak antolatzea zaila eta lan askokoa dela esan du kirol elkarteko kideak eta laguntzaileak zorionduz.