Kronika: Benito Lertxundi 'Aho bizarrik gabe'

Nerea Uranga 2013ko maiatzaren 23a

Ez naiz etorri hemen ni ongi gelditzera. Ezkatak uztera etorri naiz. Nigan ez da ezer geldituko. Ez naiz ibiliko zuek irabazten». Benito Lertxundi kantari oriotarraren hitzak dira, herenegun esandakoak, Sanagustin kulturgunean, Aho bizarrik gabe solasaldi zikloan. Pako Aristi idazle eta kazetari urrestildarrarekin aritu zen solasean. Bukaeran kulturgunean bildutakoen galderak ere erantzun nahi izan zituen. 85 lagun elkartu ziren. Gertu egon zen Lertxundi, aurrez aurre hitz eginez jendeari. Lertxundi Euskal Herrian «presentzia eta esentzia» handiko pertsona bezala aurkeztu zuen Aristik. «71 urte ditu. Ez du ematen, baina. Gutako askok daukagu sentsazioa Benito beti hor ikusi dugula, kantari gitarra eskuan, urtez urte herriak bisitatzen. Beti hor egon dena da, eta egongo dena. Gutxi gorabehera kintakideak dituen beste kantariekin batera; Bob Dylan, Bruce Springsteen, Van Morrison edo Leonard Cohen». 16 disko ditu kalean. «Euskaldunon esentzia ere aberastu du bere lanarekin, bizitzaren aurrean daukan jarrerarekin. Kantaria, gizona, pentsalaria eta politikoa da», zioen Aristik. Ez Dok Amairu sortu zela laster 50 urte beteko dira, eta taldean jardundako asko hil direla gogorarazi zion Aristik Lertxundiri, eta sentitzen duen galdetu. «Dena denbora kontua da. Denok noiz edo noiz joan beharra dugu, joaten baldin bagara, ez dakit egia den joaten garela edo hementxe gelditzen garela», zioen Benitok. Ez Dok Amairutik etenda Ez Dok Amairu Euskal Herriaren azken historiako «mugarri modukoa» dela zioen. «Gu kantatzen hasi ginen, eta gure esperientziak halako krak handi bat egin zuen herri honetan. Orduan jendea kultur atal anitzak jorratzen hasi zen. Ez Dok Hamairurekin batera, neurri handi batean, herri hau martxan jarri zen. Beti izango du historikoki itzal hori». Baina aspalditik Ez Dok Amairuren zama horrekin bizi baino, nahiago du ez bizi oriotarrak. «Aspaldi hasi nintzen nire motxila husten. Gehiago gustatzen zait arin ibiltzea, lastre gutxirekin. Bizitza nekarazten gaituen horretatik libre bizitzea gustatzen zait. Ez naiz sartuko zergatik. Beraz, Ez Dok Amairutik nahiko etenda nagoela iruditzen zait. Aspaldi hasi nintzen horretan. 25 urteurrena zela-eta ospakizun batzuk egiten hasi ziren, deitzen ziguten baterako eta besterako, nekea sentitzen hasi nintzen beti gauza beretsuak errepikatzen. Aske izateko gogoa sortu zitzaidan. Hor dago, herriaren memorian». Euskal musikak Euskal Herriko kaleetan, tabernetan... eta hemendik kanpo duen presentzia txikiaz galdetu zion segidan Aristik. «Herrialde normal bat bagina gehiago zabalduko al litzateke?», galdetu zion. Politika ez duela gustuko zioen oriotarrak, bizitzan azkena egingo lukeena politika dela. «Baina ezinbestean politikak harrapatu egiten gaitu. Gizarteak horrela antolatuta daude. Baina oso garrantzitsua da honen guztiaren natura zein den jakitea, bestela erabat inozente bihurtzen baikara, eta gurekin nahi dutena egiten baitute». Euren burua politikotzat dutenen esku uzteko politikak garrantzia handiegia duela uste du Lertxundik, ordea. Euskal Herriak munduan presentzia izan nahi badu, burujabe izan behar du Lertxundiren ustez. «100 urteko gerraren ondorioz konfiguratu zen munduan bizi gara. Ondorioz, gu bezalako herriak mamu horiek suntsituta jan egin zituzten. Gure munduko presentzia eza okupatzen gaituen inperioaren sistematik pasatzen da beti. Gu bezalako herri batek munduan egon nahi baldin badu, bere buruaren jabe izatea ezinbestekoa du. Gure herria oso-oso espainiartua dago eta bestaldea erabat frantseztua. Beraz, oso toki gutxi gelditzen zaio gure benetako izateari; oso atal folklorikoan gelditu da, egiazko errealitatean ez dauka inongo bizitzarik». «Estatu independientea bagina, mundu horretan egongo ginateke, biolentziaz eginiko mundu horretan. Politika ezinbestean biolentzia da». «Kolonizatutako herri batek inperialismoak botatako basa denak desikasi» behar ditu oriotarraren ustez. «Euskaldunok diogu arazo nazionala dugula, eta, gainera, demokrazian bizi garela. Hori ura eta olioa bezala da, ez dira elkartzen inoiz, teknikoki ezinezkoa da. Edo bat dago, edo bestea. Aklaratu egin behar dugu». «Gora askatasuna!» Askatasuna maite duela azalerazi zuen Lertxundik Sanagustinen, Aristik bere bizitzan izandako hausturetako batez galdetu zionean. «Jainko guztiak gustu txarrekoak dira. Estupidoak dira. Nik umetatik heredatu nuen jainko bat, eta 21 urte arte elizatik atera gabe ibili nintzen. Azkenean itxusikeria ikusi nuen, eta desafio egin nion. Madarikatu nuen, biraoak bota nizkion, eta desafio egin nion jaisteko. Ez zen jaitsi. Hori niretzat psikologikoki katarsi bat izan zen, haustura bat. Baina erabat garbitu nintzen. Gogo deitzen dugun hori, askea da edo ez da; erdiko biderik ez dauka. Besteen eskutik ibili behar badugu, panpin batzuk besterik ez gara. Bakoitzak ikusi dezala zer nahi duen». Lertxundik egunero hil eta egunero jaiotzen dela askotan esan izan du, eta horrek atentzioa eman izan dio Aristiri. Horretaz ere galdetu zion herenegun. «Gu erabat pentsamenduan bizi gara, eta pentsamendua iragana da; atentzio bizi-bizian bagaude, orduan ari gara unean pentsatzen, jaioberri bat bezala, lehen aldiz gauza bati begira bageunde bezala. Geroa, ez da existitzen. Pentsamenduan bizi garenez, beti bizi gara iraganean lotuak, amarratuak, nahigabe geure espetxea sortzen». Pentsamendua bizitzako erreminta bat dela uste du Lertxundik, begiak ikusteko edo sudurra usaintzeko bezala. Baina gauzak  «modu aske batean» ikusten, atzematen, jakin behar dela zioen «Bere naturan, horrek ez baldintzatzeko neure burua». Unean unean eta garaian garaian, batek zer behar duen eta zer ez duen behar jakin behar dela zioen kantariak, uneoro hiltzen jakinez. «Niretzako tesi bat da William Blake-k idatzitako hau: Aquel que se aferra a una alegría/ Destruye la alada vida/ Pero aquel que la besa mientras vuela/ Vive en el amanecer de la eternidad». Eta gehitu zuen Lertxundik: «Hiltzen dena soilik bizi liteke, hiltzen ez dena ez da bizi. Ez gara konturatzen jaio ginenetik hiltzen ari garela, bestela ez ginen hasiko gure gauzak baztertzen eta berriak sortzen».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide