Azpeitiko Elkartasun Egun bateko artxiboko irudia (Nerea Uranga/Hitza)
Egitaraua, herriz herri
AZKOITIA
Maiatzak 17, ostirala.
- 22:00. Barrura begiratzeko leihoak dokumentala, Kontzejupean.
Maiatzak 18, larunbata.
- 12:30. Elkarretaratzea, herriko plazan.
AZPEITIA
Maiatzak 18, larunbata. Elkartasun Eguna.
- 11:30. Elkartasun Krosa. Irteera eta helmuga herriko plazan.
5 kilometroko ibilbidea du. Aurrez izena ematea 10 euro kostako da. Horretarako aukera dago Azpeitian Aradi eta Aitzaki kirol-dendetan, igerilekuan eta Orkatzen; Azkoitian, igerilekuan; eta, Zestoan, Koioten. Parte-hartzaileek bisera jasoko dute opari. Larunbatean, 12 euroren truke, izena emateko aukera ere egongo da.
- Ondoren. Kroseko parte-hartzaileentzako hamaiketakoa, plazan.
- 13:00. Neska-mutilen herri kiroletako erronka. Hiru talde ariko dira nor baino nor. Egin beharreko probak: lasto altxatzea, ingudea, txingak, trontza, lokotx biltzea eta sokatira.
- 14:30. Herri bazkaria, azoka plazan. Bazkaritarako txartelak salgai daude Azpeitiko Jim Clark, Izaro, Orkatz eta Txarrantxa tabernetan. Txartela langabetuek eta ikasleek 12 euro ordaindu behar dute eta langileek 15 euro.
- 17:00. Haurrentzako Eriz magoaren ikuskizuna, Olazko Andre Mariaren plazan.
- 18:30. Manifestazioa, plazatik irtenda. Salbuespen egoerak eten, Euskal presoak Euskal Herrira lelo hartuta.
- Ondoren, Eskandalue elektrotxaranga ibiliko da kalerik kale.
-23:00. Belar Txarrak eta M.C.D. taldeen kontzertua, herriko plazan.
ERREZIL
Maiatzak 18, larunbata.
- 13:00. Elkarretaratzea, Goiko plazan.
GETARIA
Maiatzak 18, larunbata.
- 10:30. Katxapora ibilaldia.
- 12:00. Paella lehiaketa.
- 13:30. Ekitaldia, Gudarien plazan.
- 14:00. Paella lehiaketan epaimahaiaren dastaketa eta segidan bazkaria. Bazkarirako txartela parte-hartzaileek 5 euro ordaindu beharko dute, eta gainontzekoek 10 euro.
ZARAUTZ
Maiatzak 18, larunbata.
- 12:00. Musika Plazan, Ekaitzen lantaldearen aurkezpenarekin hasiko dute eguna.
- 13:00. Musika plazatik, plazaz plaza kantari ariko dira.
- 14:30. Txikipoliten, kantu bazkaria. Bazkarirako txartelak Txikipolit, Eguzki eta Gaztetxean jarri dituzte salgai.
ZESTOA
Maiatzak 18, larunbata.
- 12:00. Elkarretaratzea, herriko plazan.
ZUMAIA
Maiatzak 18, larunbata.
- 11:30. Hamaiketakoa.
- 12:00. Argazki masiboa, Amaiako plazan.
Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea. Euskal Presoak Euskal Herrira lelo hartuta, larunbatean herri eta auzoetako plazak betetzeko deialdia egin du Herrira mugimenduak.
M18 plazara! ekimenarekin bat eginda, Urola Kosta eskualdeko hainbat herritan ekitaldiak antolatu dituzte larunbaterako. Esaterako, Azpeitian larunbata Elkartasun Eguna izango da, Azpeitiko Herrira ekimenak antolatuta. Zarautzen, berriz,
Goazen kantura antolatu dute goizetik hasita.
Herritarrak eta eragileak tokian tokiko Herrira bilguneek larunbaterako antolatu dituzten saioetan parte hartzera deitu dituzte. «Urteetan eta sufrimenduan gehiegi luzatu den gatazka egoera atzean utzi, eta denen artean bake egoera justu bat eraikitzeko aukera berriak daude zabalik Euskal Herrian». Gatazkaren ondorioak asko direla, eta denak konpondu behar direla azaldu dute Herrirako kideek. Hala, konponbidean aurrera egiteko, gatazkaren ondorioz preso eta erbestean dauden herritarren egoeran arreta jartzea beharrezkoa dela diote. «Lehen urrats bezala, beharrezkoa ikusten dugu presoei dagozkien oinarrizko giza eskubideak errespetatzea».
Presoen eta iheslarien eskubideen defentsan, eta hori horrela izan dadin Frantziako eta Espainiako gobernuei urratsak eskatzeko larunbatean tokian tokiko plazak betetzera deitu dute Herrira mugimenduek.
Herrirak larunbaterako egindako deialdiarekin bat egin dute LAB, EHNE, ESK, STEE-EILAS, HIRU, CNT eta Solidari sindikatuek, Sortu, EA, Alternatiba, Aralar, Ezker Batua-Berdeak, Gorripideak, Euskal Herriko Komunistak eta Eusko Ekintza alderdiek, Herria 2000 Eliza, Talde Kristauak eta Euskal Herriko Apaizen Koordinakundeak taldeek eta Bilgune Feministek.
M18, Elkartasun Eguna
Azpeitiko Herrirak larunbaterako Elkartasun Eguna antolatu du, euskal preso eta iheslarien «salbuespen neurriak eteteko» eskatzeko. 11:30ean, Elkartasun Krosarekin hasiko dira ekitaldiak, eta goizaldera arte festa eta aldarrikapena uztartuko dituzte.