Hondakinen ehuneko 70 gaika biltzeko apustua ontzi bidez egingo dute Azpeitian

Nerea Uranga 2013ko maiatzaren 9a

Egungo edukiontzien sistema eraberritu egingo du Azpeitiko Udalak, eta birziklatzea bermatzeko baliabideak jarri. (Nerea Uranga/Hitza) Azpeitian udala osatzen duten hiru alderdiak ados jarri, eta herriko hondakinak biltzeko proposamena osatu dute, «birziklatzearen aldeko apustua eginez». Azpeitian ez dituzte hondakinak atez ate bilduko. Egungo edukiontzi sistemarekin jarraitzea erabaki dute, baina sortzen den hondakinen %70 birziklatzeko helburuarekin. Gaika birziklatzen dela kontrolatuko duen edukiontzien sistema jarriko dute abian; «auzo-konpostaren gisa, kontrol komunitario bitartez edota teknologia berriek eskaintzen dituzten kontrol digitalen bidez». Bilduk, EAJk eta Hamaikabatek osatzen dute udala, ate hondakinen bilketari buruzko proposamena herenegun plenoan onartu zuten hirurek, aho batez. Proposamenean diotenez, «ahalik eta birziklatze tasa handiena ahalbidetuko duen bilketa sistema diseinatu eta ezarri nahi dugu Azpeitian. Sistemak birziklatze tasak neurtu eta hobetu beharko ditu etengabe, ahalik eta portzentaia handiena lortzeko helburuarekin». Oraingoa, eraberrituta Hondakinen %70 gaika bildu nahi dituzte, eta horretarako egun indarrean dagoen edukiontzien sisteman oinarrituko dira. Baina hori lortzeko baliabide teknikoak jarri beharko dituztela aurreikusi dute; hala nola, auzo-konposta, kontrol komunitarioa edota teknologia berrien bidezko kontrol digitala. Auzo bakoitzari ondoen egokitzen zaion sistema ezarriko dutela gaineratu dute udal ordezkariek. Hondakinak gutxitu, berrerabili eta ahalik eta gehien birziklatzeko ahaleginean, udalak prebentzioan eta berrerabilpenean oinarritutako politikak landuko ditu. Eraberritutako hondakinen bilketa sistema martxan jartzeko, udalak eragileekin eta herritarrekin elkarlana eta parte hartzea sustatzeko asmoa ere badu. Herri galdeketari dagokionez, herritarrek eskatuko balute, herri kontsulta egiteko aukera egongo litzatekeela dio proposamenak; baina, beti ere, Azpeitiko Udalak onartuta duen parte-hartze ordenantzan oinarrituta. Hondakinen bilketaren kontuan askotariko sistemak aztertu eta ados jartzeko ahalegina egingo zutela esan zutela ekarri du gogora Eneko Etxeberria alkateak (Bildu). Alkatearen arabera, orain proposamena eta sistema erabakita, «hitzetatik ekintzara pasatzeko garaia» heldu da: «Adostasun politikotik adostasun sozialera pasatuko gara. Beraz, denok birziklatzearen aldeko apustua egiten hasi behar dugu». Eskualdeko tasa baxuena Azpeitian gaika sailkatuta jasotzen den hondakinen kopurua eskualdeko txikiena dela nabarmendu du Etxeberriak. «Arazo bat daukagu: gure herriko birziklatze tasa eskualdeko txikiena da. Azpeitiarrok, denon artean, birziklatze tasa biderkatu egin behar dugu; %70-80 izan dadin saiatu egin behar dugu, eta epe motzean». Alkatea ziur da hondakinen inguruan lortutako kontsentsu politikoak eta herritarren ahaleginak emaitza onak emango dituela. «Portzentaia bat adostea ez da gaia, gaia egitea da. Daukagun sistemari etekin onena atera behar diogu, sakon landuz. Horretarako gaitasuna badaukagu». Aurrerantzean egin beharrekoa «lan gogorra» izango da. «Lana gogor egin beharko dela argi dugu, ez gaudelako errauste planta eraikitzearen alde», adierazi du alkateak. EAJ eta Hamaikabateko ordezkariak ere pozik azaldu dira hondakinen gaineko proposamena adostu izanarekin eta gaur egungo edukiontzien sistema eraberritzeko hartutako erabakiarekin. Hondakinen gaia arazoa izan arren, «herriko egoera ekonomiko larria lehenetsi izana» garrantzitsu jo dute EAJko udal ordezkariek. Hala nabarmendu zuen Aitor Gorrotxategik, EAJren bozeramaleak: «Hondakinen gaia herri askotan arazo eta borroka asko sortzen ari da, baina iruditzen zaigu Azpeitian orain askoz garrantzitsuagoa den beste borroka bat badugula. Hala ere, hondakinena ez dugu alde batera utzi behar». EAJk «beti» edukiontzien sistema indartzearen alde egin duela gaineratu du Gorrotxategik. «Orain birziklatu, berrerabili eta murriztearen aldeko apustua sakonki egin beharko dugu. Espero dugu denok gai izango garela birziklatze maila altura iristeko». Hamaikabateko Aitor Aranguren zinegotziaren arabera, hondakinen gaiari «dramatismoa kendu eta naturaltasunez landu» behar da. «Hondakinena arazoa da, baina ahal dugun guztia egin behar dugu arazo hori gutxitzeko, kasu honetan ahalik eta gehiena birziklatzeko eta ez sortzeko; eta, ondoren, bukaerako tratamenduak gutxitzeko, alde batera edo bestera, inor aipatu gabe». Arangurenek hondakinen gainean egin daitekeenaz hitz egiteko «espazio bat» faltan ematen du udaletxean. «Gaur egun indarrean daukagun sistemarekin asko daukagu egiteko: auto-konpostan, auzo-konpostan, bilketan (industria guneetan, ostalaritzan, merkataritzan, elkarte gastronomikoetan...). Edukiontzien sistemari ahalik eta zuku gehien ateratzea herritarrek eskertu egingo dute». Gaur egun bezala segituz gero, antzeko emaitzak lortuko direla gaineratu du Arangurenek. «Oraingo erritmoan segitzen badugu, oraingo bilketa sistemak antzeko emaitza emango digu. Beraz, ahalegin berezia egin beharko dugu. Arazoa edukiontzi grisean daukagu; zulo handi-handi bat da. Irudimena ere erabili beharko dugu». Zenbakia %32 Azpeitian iaz gaika bildu ziren hondakinak. Urola Erdiko Mankomunitatearen datuen arabera, azpeitiar  bakoitzak batez beste 300 kilotik gora errefusa sortu zuen. Eskualdeko batez bestekoa 286 kilokoa da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide