Hondakinak kudeatzeko proposamena aztertuko du gaur Azpeitiko Udalbatzak

Nerea Uranga 2013ko maiatzaren 7a

Gai zerrenda luzea prestatu dute gaur udaletxeko areto nagusian egingo duten hileroko udalbatzarrerako.  Maiatzari dagokion Udalbatzaren ohiko osoko bilkura  19:30ean hasiko dute. Gai zerrenda luzearen baitan, besteak beste, Bilduk, EAJ-PNVk eta Hamaikabat taldeek aurkeztuta hondakinen kudeaketarako proposamen orokorra izango dute aztergai udaleko arduradun politikoek. Galdera eta erreguen aurretik landuko duten gaia izango da hondakinen kudeaketari buruzkoa. Plenoa hasi orduko aurreko udalbatzarretako aktak onartuko dituzte udal ordezkariek, otsailaren 26koa eta martxoaren 5ekoa. Segidan, Unanibi SL-k Elizkalea 30ean eta Angel Larrañaga Beloki eta beste batzuk Landeta hiribidea 9an egindako lagapenez jardungo dute. Ondoren, Gizarte-bazterkeriako eta behar larriko egoerei aurre egiteko norbanakoei eta familiei udalak emango dizkien laguntzetarako oinarriak aztertuko dituzte. Horrez gain, udal etxebizitzak alokatzeko oinarrien aldaketa eta deialdi berriaz ere ariko dira gaur egingo duten plenoan. Azpeitiko Udalak 2008-2011rako Euskararen Plan Nagusia luzatzea ere proposatuko dute udalbatzarreko gaien artean. Horrez gain, Azpeitiko Euskara Patronatuko lehendakaritzari buruzko eskuordetzaren berri ematea. Gai zerrenda osatzeko, Aitor Gorrotxategi Gobernu Batzordeko kide izendatzearen berri emango dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide