Hilaren 30eko grebarako deia egin du LABek maiatzaren lehenean

Onintza Lete Arrieta 2013ko maiatzaren 1a

Gaur eguerdiko manifestazioaren irudi bat (Onintza Lete Arrieta/Hitza) Azpeitiko kaleak bandera gorriek (LAB) eta moreek (Bilgune Feminista) jantzi dituzte gaur eguerdian. Maiatzaren 1a izanik, Langileen Nazioarteko Egunaren harira protestak egin dituzte sindikatu guztiek. ELAk Bilbon egin du nazio mailako manifestazioa; LABek eskualdeka. Urola Kostakoak Azpeitian bildu dira, eta eskualde osotik etorri dira herritarrak manifestazioan parte hartzera. Protestaren amaieran dei egin diete herritarrei maiatzaren 30eko greba orokorrean parte hartu dezaten. Aitzol Aristorena LABeko eskualdeko arduradunak hartu du hitza: "Mila arrazoi ditugu greba egiteko: EAJren aurrekontuak; pentsio erreforma; eta negoziazio kolektiboaren erreforma, besteak beste". Aristorenak gogorarazi du, lan erreformaren ondorioz uztailaren 7an herrialde mailako hitzarmenak bertan behera gelditzen badira "Patronala lan baldintzen aurkako erasoan jauzi handi bat emateko tenorean" egongo dela. Greba, krisia "modu bortitzenean" pairatzen ari direnei elkartasuna adierazteko modua ere badela adierazi du, eta grebaren helburua zein den zehaztu: "Gure eskubideen aurka egiten ari diren eraso guztien aurrean nahikoa dela esateko eta erabakitzeko eskubidean oinarritutako aldaketa sozialaren prozesuan aurrera pauso bat emateko da ". Adin guztietako herritarrek hartu dute parte Azpeitiko protestan (O.L.A./Hitza) Ia 5.000 langabetu Urola Kostan Urola Kostan " ia 5.000 langabetu" daudela gogorarazi du Aristorenak: "Erreforma eta murrizketek ez dute etenik eta argi ikusten ari gara zein diren bere ondorio ekonomiko eta sozialak".  Botere politikoa botere ekonomikoaren menpe dagoela salatu du, eta horren guztiaren aurrean LABen estrategia zein den azaldu du: "Egoera honi aurre egin eta aldaketa sozial eta politikorako prozesuan sakontzeko, eskualdez eskualde, burujabetza estrategian oinarrituta, oinarrizko eskubide sozialen defentsan eta bestelako eredu sozioekonomiko baten alde lanean jarraituko dugu, ahalik eta indar metaketa eta mobilizazio eta erantzun sozial handiena lortzen saiatuz". Bilgune Feminista ere protestan LABek deitutako protestarekin bat egin du eskualdeko Bilgune Feministak. Are gehiago, maiatzaren 30eko greba orokorrerako deia bere egin du, ohar bidez: "Maiatzaren 30ean eredu ekonomiko eta sozial berri baten alde greba egin eta bazterrak astindu eta abiatuko den prozesu sozialean parte hartzeko dei egin nahi diegu herritar guztiei eta bereziki emakumeei". Herritarren egoera sozioekonomikoak "atzerapauso oso nabariak" jasan dituela uste dute: "Krisi finantziero edo ekonomiko baten aitzakian egundoko murrizketak eragin dituzte langile klasean: lan erreformak; Wert-en hezkuntza erreforma atzerakoia; osasungintzan egindako murrizketak; justizian zenbait esparru pribatizatzeko ahalegina; etxebizitza eskubidearen aurkako urraketak; eta pentsioen erreforma, kasu". Manifestazioaren amaieran, plazan (O.L.A./Hitza) Murrizketa horiek guztiek emakumeei "era lazgarriagoan" eragiten dietela uste dute feministek, gizarteak ezartzen dizkien funtzioengatik: "Familia esparruan zainketaren arduran zein etxeko lanetan, edo ezkutuko ekonomiaren indartzean, esaterako. Inposaturiko genero arauen ondorioz, emakumeok, lan merkatuari zein herrien ekonomiari egiten dizkiogun ekarpenak dira hauek. Lan merkatutik kanpo egiterakoan lan-enplegu bezala onartzen ez direnez, inoiz ez zaie balio ekonomikorik aitortu, edo baloratu ere ez dira egin. Eta lan hauek bizitzak sostengatzen eta elikatzen dituzte egunero, bizitza duinak ahalbidetzeko ezinbestekoak dira". Egoerari aurre egin, eta "herriaren aldaketan eragiteko eta eskubideen defentsan borrokan ari gara emakume langileok", esan dute. Hala, oharrean dei argi bat egin dute, "emakumeon eta herriaren burujabetzaren aldeko apustua eta elkarlanaren alde lan egiteko". Arratsaldean, mahai-ingurua Eguerdiko manifestazioaz gain, herri bazkaria eta mahai-inguru bat ere prestatu dituzte gaurko. Bazkaria Sanagustinen egingo dute, 14:30ean hasita, eta mahai-ingurua Berdura plazan izango da, 17:30etik aurrera. Arratsaldeko ekitaldia Elkar-ekin mugimenduak antolatu du, Herritik aldaketa izenburupean. Herriko hainbat eragilek hartuko dute parte bertan, eta herritarrak ere gonbidatuta daude ekitaldira.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide