Norabidea finkatzen doaz

Aritz Mutiozabal 2013ko api. 17a, 17:00

Kasik boskotea ‘Nora?’ lan berria aurkezten ari da zuzeneko emanaldietan; datorren astean Orioko gaztetxean joko dute. (Argazkia: Oihan Amezua) Nora? Kasik musika talde azkoitiar-azpeitiarrak galdera hori eginez jarri dio izenburua bigarren lanari. Galdekizun sinpleari, gainera, erantzun argia eman nahi izan dio boskoteak. «Lehen maketa duela bi urte egin genuen, musika taldea hasiberria zela. Saninazioetan kontzertua eskaini, eta abestiak eginda genituenez, estudiora sartzea erabaki genuen birritan pentsatu gabe. Jaiotzen ari dira gure oroitzapenak izenburua jarri genion, talde gisa jaiotzen ari ginela adieraziz», zehaztu du Kasikeko bateria-jotzaile Aritz Gerrak. «Bigarren lan hau gehiago egin dugu gure, nolasbait esateko. Norantz goazen esaten ariko baginen bezala litzateke». Horrez gain, galdera orokorra ere bada; hau da, gizartea bera zein norabideta doan hausnartzen du. «Beraz, zentzu bikoitza du». Norabide musikalari dagokionez, aurreko lana baino geldoagoa eta indartsuagoa da berria. «Pot-pourri gehiago zegoen lehen lanean. Rocka, metala... denetarik pixka bat, alegia», dio bateria-jotzaileak: «Oraingo honetan, doinu gogorragoak jorratzen saiatu gara, eta hori sonoritatean antzematen dela uste dugu. Ahotsak, nolanahi ere, melodikoa izaten jarraitzen du». «Disko itxura gehiago» Zestoako Gaztain estudioan grabatu dute disko berria, Eñaut Gaztañagaren gidaritzapean. «Lehen lanarekin nahiko berde sartu ginen estudiora. Mundu hori ez genuen ezagutzen, eta gauzak ere oso garbi ez genuezkanez, maketa itxurarekin geratu zen. Bigarren grabatzeko Eñautengana jo genuen. Biok ala biok ideiak garbiago genituenez, disko itxura gehiago eman diogu lanari», nabarmendu du Gerrak. «Egia esan, Eñaut hasiera-hasieratik inbolukratu da, eta gure doinu propioa bilatzen lagundu digu». Joan den urria hasieran ekin zioten grabazio-prozesuari. Bateriaren eta baxuaren zatiak jaso ondoren, gorabeherak izan zituzten gitarren zatiekin. Antza denez, «gustuko doinua» aurkitu ezinik ibili ziren, era batera eta bestera probatzen. «Azkenean, anplifikagailu berri bat erosten bukatu genuen». Behin arazoari konponbidea topatuta, gustura geratu dira azken emaitzarekin. Mimoz zaindutako hamar abestiz osatuta baitago Nora? lana. Oro har, kantuen hitzak irekiak dira, «subjektibo samarrak»; bakoitzak bere erara interpretatzeko modukoak, nolabait ere. Pare bat «abesti zuzen» ere bada tartean; bata, munduko goseari buruzkoa eta bestea, presoen ingurukoa. Kolaboraziorik ere izan dutela jakitera eman du Gerrak: «Grises taldeko Amancay Gaztañagak biolina sartu du diskoa ixten duen Fikzio abestian. Diskoko abestirik diferenteena da, lasaiena, eta biolinaren presentziarekin oso polita geratu da». Martxoaren 23an aurkeztu zuten zuzenean diskoa, Azkoitiko Matadeixen, eta jendeak ezin hobeto erantzun zuen, aretoa betearaziz. Apirilaren 26an Zarauzko Putzuzulon jotzekoak baziren ere, emanaldia bertan geratu da. Dena den, apirilaren 27an Orioko gaztetxean jotzeko deia jaso dute. Diskoa zuzenekoetan eros daiteke, 5 eurotan; edo, bestela, Azkoitiko eta Azpeitiko hainbat tabernatan. Horrez gain, lan berria doan jaisteko aukera jarri dute kasiktaldea.bandcamp.com atarian. «Egiten duguna ezagutzera ematea baita gure helburua».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide