Almitza Sega Elkarteko kideak eta Azpeitiko Kirol zinegotzia sega txapelketa aurkezten. (Nerea Uranga/Hitza)
2015ean Europako sega txapelketa Azpeitian jokatuko da, Loiolako santutegi atzeko belardietan. Baina aurretik Euskal Herriko ligako jardunaldi bat jokatuko da Azpeitian, Azpeitiko Ikastola Ikasberriren ondoan. Ekainaren 30ean izango da, 11:30ean. Besteak beste, Jesus Goenaga segalari errezildarrak hartuko du parte.
Almitza Sega Elkartekoek azaldu dutenez, Europako sega txapelketa bi urtez behin jokatzen da. Aurtengoa Hego Tirolen jokatuko da, irailaren 7an eta 8an. Euskal Herriaz gainera, herrialde hauetako ordezkariak lehiatuko dira: Suitza, Alemania, Austria, Eslobenia, Hego Tirol, eta, ziur aski, aurreneko aldiz, Bosnia eta Herzegovina. Euskal Herriko taldea bost emakumezkok eta hamar gizonezkok osatuko dute. Baina segalariak hautatzeko maiatzetik ekainera bitartean hiru jardunaldiko liga bat jokatuko dute: maiatzaren 25ean Beramendin, ekainaren 16an Zaldibian eta 30ean Azpeitian. «Azpeitikoa da azken jardunaldia, eta han erabakiko da zeinek hartuko duten parte Hego Tirolen jokatuko den Europako lehian».
Europako txapelketako sega modalitatea eta Euskal Herrikoa desberdinak direla diote Almitzakoek. «Euskal Herrian sega ezaguna da, baina Europan ere asko egiten da. Europako txapelketan, batik bat, azkartasuna eta txukuntasuna baloratzen dituzte».
2015eko Europakoari begira
Bi urte barru Azpeitian, Loiolan, jokatuko dute Europako Sega Txapelketa. 2015eko abuztuaren 28, 29 eta 30ean da. Ordurako egitaraua prestatzen hasita daude Azpeitiko Udaleko kirol arduradunak eta Almitza Sega Elkartekoak. «Europako txapelketa kirol proba bat baino zerbait gehiago izaten da. Kultur erakustaldia ere bada, eta egiten diren desfileek garrantzia handia dute», diote segalariek. Atzerritik 300 bat lagun helduko dira herrira, eta horrek antolaketa lan handia eskatzen du. Hori hala, Almitzak herriko jendea eta eragileak antolatzaile lanetan jardutera animatu ditu. Antolatzaile jarduteko prest dagoenak udaleko Kirol Sailarekin jarri behar du harremanetan.