Kepa Junkera: «Azpeitia ingurua trikitixaren santutegia da, dudarik gabe»

Aritz Mutiozabal 2013ko mar. 15a, 12:40

Motriku pandero-jotzailea ezkerrean, eta Kepa Junkera soinuarekin, eskuinean. (Argazkia: Kepa Junkerak utzita) Usadioarekin jarraituz, San Jose Trikiti Jaialdia antolatu du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak, Azpeitiko Udalarekin elkarlanean. Jaialdia bihar izango da, eta guztira zazpi taldek partekatuko dute Soreasu antzokiko agertokia, 17:30ean hasita. Parte-hartzaileetako bat Kepa Junkera (Bilbo, 1965) trikitilaria izango da, eta saioan Jose Mari Santiago Motriku pandero-jotzailea izango du lagun, hastapenetan bezalaxe. Musikari bilbotarra ilusioz beteta agertu da «trikitixaren sorlekura» itzuliko delako. Denbora luzea daramazu trikitixa tradizionalenetik edo puruenetik urrun. Alde horretatik, bati baino gehiagori arraroa egingo al zaio zu San Jose jaialdian ikustea? Ez dut uste. Balizko pertzepzioak direla uste dut. Nire aititak panderoa jotzen zuen, eta nire ama Silvestre Elezkano Txilibrin albokari eta trikitilari handiaren bikotekidea izan zen. Beraz, trikitixa tradizionala beti izan da nire sentimenduen parte garrantzitsua. Ni autodidakta moduan hasi nintzen, eta erromerietan nahiz jaialdietan murgildu nintzenean, beste mundu bat aurkitu nuen; batik bat, Azpeitia eta Azkoitia inguruko trikiti giroa. Ni beti izan naiz Auntxa, Sakabi, Laja, Epelde eta Zendoia bezalako trikitilarien fana. Mundu horrek oso inportantea izaten jarraitzen du nire bihotzean. Gero, bizitzako zirkustantziegatik edo, proiektu ezberdinak izan ditut, eta asko bidaiatu dut mundu osoan. Guretzako ez ezik, trikitixak beste belarri batzuentzako ere interesgarria izan zitekeela pentsatu nuen, eta horretan aritu naiz. Alde horretatik ez zait iruditzen urrundu egin naizenik. Beste esparru batzuetan ibili zarelako har dezake  ezustean beharbada publikoak zure parte hartzea. Baina hori publikoaren kontua da, eta logikoa izan daiteke. Ikuskizunaren munduan pertzepzioak oso ezberdinak izaten dira maiz egilearen eta hartzailearen artean. Adibidez, nik konposizio berri bat egin eta modu ez oso tradizionalean jotzen baldin badut, pentsatzen dute ez zaidala betiko trikitixa gustatzen. Niri zuzenean hori horrela den galdetzen badidate, nire erantzuna ezezko biribila da. Guztiz alderantzizkoa da; batetik, familiatik datorkidalako eta bestetik, aipatutako trikitilari handi horiei guztiei sekulako errespetua diedalako. Hori horrela, atseginez jasoko zenuen jaialdiko gonbita, ezta? Azpeitia ingurua, dudarik gabe, trikitixaren santutegia da. Beraz, San Jose Trikiti Jaialdirako deitu nindutenean poz-pozik jaso nuen gonbita. Ohorea da inguru horietara itzultzea. Jaialdian jotzen dudan lehen aldia bada ere, txapelketetan eta beste jaialdi batzuetan aritua naiz. Oroitzapen benetan onak ditut zonaldeaz. Gainera, oraindik ere harremana mantentzen dut Laja, Landakanda eta Epelde bezalakoekin. Jende jatorra izateaz gain, ekarpen handia egin diote generoari. Altxorrak dira gaur egun ere. Jose Mari Santiago Motriku izango duzu bikotekidea, aspaldiko partez. Jatorrira itzultzea izango al da? Horrelako zerbait izango da, bai. Motriku-k berak deitu zidan jaialdian elkarrekin zerbait egiteko. Motriku-k bere ibilbide profesionala du, baina inoiz ez dio utzi panderoa jotzeari, eta ez du ahaztu zer-nolako esanahia zuen elkarrekin jotzen genuen garai hartan. Egia esan, sekulako gozamena da berriz elkarrekin aritzea, horrenbeste urte eta gero. Bizipen asko izandako adiskide batekin berriro ariko naiz, eta horrek ere berezia egingo du eguna. Harekin eta Iñaki Zabaletarekin kaleratu zenuen zure estreinako diskoa (Inpernuko hauspoa), duela 25 urte. Jaialdian, ordea, hirugarren kidea falta zaizue. Ez al da animatu?   Ez dakit... Nahiko lanpetuta ibiliko da klaseak ematen, baita Ken Zazpi taldearekin ere. Niri, behintzat, ez litzaidake inportako gurekin jotzera animatu izan balitz. Hirukote ginen garaiko oroitzapen politak gordetzen ditut. Gainera, zortea izan nuen Bilboko Rekalde auzoan euskal musika tradizionala gustuko zuen jendea ezagutzekoa, eta haiekin jotzeko aukera izatekoa. Gainerakoan, nik oso gustura hartzen ditut berriz elkartzeko proposamenak. Disko hori izango al duzue oinarri jaialdiko emanaldian? Garai hartako abestiak joko ditugu, baina musika hau ulertzeko beste modu bat garatu dut. Zati batzuk inprobisaziorako bidea ematen didate; betiere, bihotzak  eskatzen didanari fidel. Soinua jotzeko modu libreagoa izan dut betidanik, eta, beharbada, hori izan da trikitixaren munduari egin diodan nire ekarpen umila. Abestia hasieratik bukaeraraino den bezala eta modu mekanikoan jo beharrean, arriskatzeko ohitura dut, sormenari ateak irekiz. Eredu horrek asko betetzen nau. Errepertorioa aukeratu al duzue? Bai. Nolabait esateko, Inpernuko hauspoa diskoko abestien pot-pourria egingo dugu, baina eguneratuta. Esan bezala, modu libreagoan interpretatuko ditugu, esentzia galdu gabe. Atzera begirako bidaia txiki bat izango da. Disko hark trikitixa tradizionala irauli zuen. Une horretan egiten ari zinetenaz jakitun al zinen? Ez, inolaz ere. Dudan guztia jendeari transmititzea dut xede, baina iraultzarik egiteko inolako asmorik gabe. Egiten dudanarekin gozatzea eta emozionatzea da helburua. Pentsa ezazu, sasoi har­­tan, Rekalde auzoan ez zela ohikoa horrelako musika, baina guri hori zen gustatzen zitzaiguna eta horren aldeko apostua egin genuen. Nik, pertsonalki, asko sinetsi nuen errepertorio  horretan, eta niretzat izugarria izan zen trikitixa tradizionalaren parte izatea. Gainera, doinu bitxia du diskoak, bi soinurekin eta panderoarekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide