Azkoitiko eta Azpeitiko Iraurgi Lantzen Garapen Agentziak
Ezkutuko altxorrak-Inaziotar lurraldea programa jarri du martxan, Urola Garaiko eta Debagoienako turismo agentziekin elkarlanean eta Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Sailaren laguntzarekin. Proiektuaren barruan, bisitak egingo dituzte hiru eskualdeetako txokoetan, eta bailaran lau gune ezagutu ahal izango dira; Azkoitiko gune historikoa eta Andra Mariaren parrokia, Azpeitiko Bakardadearen Kapera eta Loiolako Anai Garateren jaiotetxea.
Egitasmoa Loiolako Inazio santuaren eta hura bizi zen garaian, XVI. mendean, dago oinarrituta, eta Hiru Tenpluen Ibilbidaren inguruan gauzatu dute, bisitariek garai hartako ondare historikoa, artistikoa, erlijiosoa eta kulturala ezagutu dezaten. Halaber, «normalean ikusten ez diren baliabideak» ikusteko aukera eman nahi diote bisitariari.
Bisitak, ekainera bitartean
Hilaren hasieran hasi zituzten bisitaldiak, eta ekainaren 23ra bitartean iraungo dute; larunbat eta igande guztietan egingo dituzte, eta Aste Santuan indartu egingo dute ekimena, eta ostegunetik igandera luzatuko dituzte bisitak. Azkoitiko parrokia ikusteko martxoaren 28an, apirilaren 20an, maiatzaren 18an eta ekainaren 15ean egingo dituzte bisitak, 12:00etan. Herriko gune historikoa ezagutzeko aukera, berriz, martxoaren 24ean eta 29an, apirilaren 14an, maiatzaren 12an eta ekainaren 22an.
Azpeitiko Soreasuko kapera, berriz, hilaren 23an eta 30ean eta maiatzaren 4ean eta25ean ikusi ahal izango da; hiru gune horietan 12:00etan eta 17:00etan egingo dituzte bisitaldiak; azkenik, Loiolako Anai Garateren jaiotetxea martxoak 31n, apirilak 28an, maiatzak 26an eta ekainak 2an bisitatuko dute, 12:00etan. Dena den, bisitak nahieran antolatu nahi dituztenek, data eta ordua adostu dezakete antolatzaileekin, baina horretarako gutxienez 15 pertsonez osatutako taldea eratu behar da.
Bisitaldiak egiteko ezinbestekoa da aldez aurretik erreserba egitea, eta horretarako
azken eguna bisitaren asteko ostirala izango da, 12:00ak baino lehen. Bi eurotan izango dute guneak ezagutzeko aukera. Ekimenaren inguruko informazio gehiago
info@tuerraignaciana.com eta
www.ignaziotarlurraldea.com helbideetan eta 943-73 04 28 telefonoan aurkitu daiteke.