T3. Azpeitiko Zine Klubak, Erabaki Produkzioak-ek eta Sanagustin kulturguneak antolatuta, euskal film laburren bi zirkuituak Sanagustin kulturgunetik pasatuko dira: gaur arratsaldean, Laburbirako ekoizpenak ikus ahal izango dira, eta apirilaren 10ean, berriz, Kimuak ekimenekoak.
Erabaki Produkzioak-en Oinaze egoitzak film laburra emango dute gaur iluntzean Sanagustinen, beste zazpi ekoizpenekin batera. (Argazkia: Erabaki Produkzioak)
Euskarazko ikus-entzunezkoen produzkioa ezagutarazi eta herrietako kultur eskaintza aberastea du helburu Laburbirak. Saio bakoitzean, 2011n eta 2012an sortutako zortzi ikus-entzunezko labur eskaintzen dituzte, eta, hain justu ere, lan horiek ikusi ahal izango dira Azpeitian.
Laburbira zirkuituan eskualdeko bi lan daude. Alde batetik, Erabaki Produkzioak-en (Oihan Amezua, Karlos Ibarbia, Netzer Bereziartua eta Asier Sustaeta)
Oinaze egoitzak, eta, bestetik, Telmo Esnal zarauztarraren
Hamaiketakoa. Lehen filmak bi pertsonaia bereziren arteko ezinezko amodioa du kontagai, beraien ahuldade eta gabeziak azaleratuz. Bigarrenak, berriz, Antonioren eta Santiren arteko elkarrizketa bereziaren lekuko izango diren hiru emakumeren istorioa dakar.
Emananaldian eskainiko dituzten gainerako film laburrak honako hauek izango dira: Carlos Rodriguezen
Berriro igo nauzu, Kote Camachoren
Elkartea, Koldo Almandozen
Deus et machina, Bernues anaien
Desentxufatuak, Iñigo Lopezen
Tortila eta Ander Mendiaren
Beerbug. Guztira, ordu eta laurden inguruko iraupena izango du saioak, eta, besteak beste, sormena, dokumentala, fikzioa zein animazioa uztartzen dituzten ikus-entzunezkoak izango dira ikusgai.
Ondoren, Kimuak
Aste Santuaren ondoren izango da Kimuak zirkuituko film emanaldia. Azken urteetan Euskal Herrian ekoitzitako bost ikus-entzunezko pantailaratuko dituzte: Isabel Hergueraren
Bajo la almohada, Jesus Maria Palacioren
Casa vacia, Paul Urkijoren
Los monstruos no existen, Martin Roseteren
Voice over eta Pello Zazpitaerdiren
Abuztua. Gaurko saioa zein apirilekoa 21:00etan izango da, eta saio bakoitzeko sarrerak hiruna euro balio du; Kultur Bonoa dutenentzat doan izango da.