Plana puntuka
- Garapena. Behin-behineko Azpeitiko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren arabera, datozen zortzi urteotan egingo diren hirigintzako proiektuak gaur eguneko hirigunearen baitan garatuko dira batik bat; herria zabaldu gabe. «Planak bultzatzen duena garapena herriaren barruan ematea da, herria Loiola aldera haztea ekidinez», nabarmendu dute udal arduradunek.
- Etxebizitza kopurua. 1.300 etxebizitza berri egitea aurreikusten du planak, horietatik gehienak babestutakoak izango dira: babes ofizialekoak edota tasatuak. «Aurreikusten den babestutako etxebizitza kopuruarekin, Udalak etxebizitza politika justuago bat egiteko aukera dagoela uste du», azaldu dute udal arduradunek.
- Iturzulo-Esklabak eremua. Eremu horretan 274 etxebizitza egitea aurreikusten du Planak; horietatik, 150 libreak eta 124 babestutakoak. Altuera handiena zazpi solairukoa izango dute. Inguru horretako bizilagunek egindako alegazioak kontutan hartuta aldaketa batzuk egin dituzte planean. Esklaben aurrean ez da etxerik egingo, denak atzealdean eraikiko dira.
- Perdilegin (Perretxikoa). 110 etxebizitza egitea aurreikusten du planak, denak Udalarenak lirateke. Lur eremu hori ere Udalarena da. Etxebizitza guztiak babestutakoak izango dira.
- Ekipamenduetarako. Izarraizpe eremuan (Esklabak eta Azpeitiko Ikastola Ikasberri artean) ez da etxebizitzarik eraikiko, ekipamenduetarako izango da lur zati hori.
- Industrialderako garapena. Larrineko eremuan eta Landeta inguruan aurreikusten dira industrialdeak.
Perdillegi 1ean (Perretxikoan) babestutako 110 etxe eraikitzea aurreikusten du behin-behineko planak. (Nerea Uranga/Hitza)
Azpeitiko Hiri Antolamenduaren Plangintza Orokorra behin-behinekoz onartu zuen udalbatzarrak herenegun. EH Bildukoen eta EAJkoen aldeko botoa jaso zuen, eta Hamaikabatekoaren kontrakoa. Hasierako planetik egindako aldaketa nabarmenenak Perdillegi 1ean (Perretxikoan), Iturzulo-Esklabetako eta Izarraizpeko eremuan aurreikusi dituzte. Planaren talde erredaktoreko arkitekto Javier Peñalvaren arabera, «gaur egun garatuta dagoen herrigunera mugatu da datozen urteotako hirigintza garapena; eremu berriak ukitu gabe, herria zabaldu gabe».
«Udaleko aldeen artean ahalik eta kontsentsu handiena lortzen saiatu gara, denon konpromisoarekin. Bilera asko egin ditugu, eta ados jartzeko gai garela erakutsi dugu. Azaldu diren zalantzak eta iritziak pisuzkoak izan dira, eta hobebeharrez egindakoak», azaldu zuen Eneko Etxeberria alkateak plenoan. Azpeitiko Hirigintza Plan Orokorra taxutzen parte hartu duten alde guztiak zoriondu zituen.
EAJk ere Hirigintza Plana behin-behinekoz onartu du. «Urte askotan udala gai honekin bueltaka dabil. Gaur egun 1992ko plana dago indarrean, eta horrek kontrako kontuak ekar ditzake. Planak ika-mikak, liskarrak eta tentsio handiko bilerak eta plenoak eragin ditu. Baina, onartu behar dugu denok nahi dugula Azpeitia hobeago bat eta horren alde ari garela», esan zuen Aitor Gorrotxategik.
Hamaikabateko Aitor Arangurenek «koherentziaz» plana behin-behinekoz onartzearen kontra bozkatu zuen. Hirigintza Planari hasierako onarpena eman zitzaionean plenoan egoterik ez zuela izan eta alegazioak aurkeztu zituen. Arangurenen ustez, hasierakotik behin-behinekora «aldaketa dezente» egin da. Baina, txostenak ez ditu kontutan hartu Hamaikabaten izenean aurkeztutako alegazio eta hausnarketak. Hala ere, planaz hitz egiteko aukera asko egon izana eskertu du, «Udalak eta teknikoek ahalegin handia egin dutelako zoriondu nahi ditut».
Alegazioak kontutan ez
Planaren txosten nagusiak eta dokumentuak gazteleraz jaso izana da Hamaikabatekoen alegazioetako bat. Alkateak, talde erredaktorea lehendik aukeratuta zegoela eta txostena euskaraz erredaktatzeko gai ez denez, Udalak testu guztiak idatzi ahala euskarara itzultzeko konpromisoa hartuta duela erantzun zion.
Horrez gain, besteak beste, Frantzizkanetan udalak lurrak izan eta Hamaikabatek eskatu bezala urbanizagarri izendatzeari uko egin zaio. Izan ere, behin-behineko planak, Amueko lur eremua osotasunean garatzea aurreikusten du; Frantzizkanak eta Corrugados batera. Hamaikabat horrekin ados dago, baina denborarik eskaini ez izanaz kexu da.
Hamaikabatek Hirigintzako Planaren gainean egindako alegazioak eta galderak, «errespetuz eta era kontruktiboan» egindakoak direla nabarmendu du eta Plan Orokorra hobeago izateko lanean segituko duela.
Garapena herrigunean
Azpeitiko alkatearen arabera Azpeitiko Antolamendurako Hirigintzako Plan Orokorra «gai estrategikoa» da. Izan ere, plana behin betiko onartzen dutenean, hainbat arazo juridiko eta urbanistikori irtenbidea emango zaio.
Planak datozen urteotako herriaren garapena herrigunera mugatu du. «Lehendik hirigintza jarduerarako izendatutako eremuak garatzea aurreikusi da, Loiola aldera, Azkunera, eta Oiarzabal aldera hazi gabe».
Datozen zortzi urtetan 1.300 etxe egitea aurreikusi dute; gehienak babestutakoak (babes ofizialekoak eta tasatuak). Baina, arkitektuak dioenez, «nahiz eta kopuru hori aurreikusi, denak egitea zaila da. Esaterako, Corrugadoseko eremuan 400 etxe aurreikusten dira. Horrez gain, etxe kopuru txikia aurreikusiz gero, prezioek oso gora egiteko arriskua dago».
Loiolarako bidean ez dute etxe berririk aurreikusi. Izarraizpeko eremua ekipamenduetarako utzi dute, etxeak Esklaben atzealdean eraikiz.
Behin betiko onartu artekoa
Behin-behinekoz Hirigintza Plan Orokorra onartu dute, baina behin betiko onartu arte hilabete batzuk pasatuko dira. Orain, udalak dokumentua Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko eta Etxebizitzako sailetara eta Lurralde Antolamendurako Batzordera bidaliko du. Gero, handik erantzuna jaso eta Udalbatzak behin betiko onartu beharko du. Behin onartuta, Gipuzkoako Foru Aldundira bidali beharko du, aldizkari ofizialean argitaratzeko.