Zerua gris dago, baina kaleak koloretsu

Nerea Uranga 2013ko otsailaren 11

San Sebastian jaietan bezalaxe, inauterietan ere kaskarra ari da izaten eguraldia. Atzo, Elegante Egunean, eguerdira artean ateri egin zuen, eta Itsasiko artzain-inudeen konpartsa atera zen kalejiran. Baina arratsaldean euria hasi, eta ia aterunerik ez zen izan. Euriagatik sokamuturrean jende gutxiago ibili zen. Baina festa giro paregabea izan zen azken kaleetan, Enparanen eta. Gaur goizean haur mozorrotuen jaia egin dute. Goizeko hamaiketan sokako zezena atera dute Erdikalean, eta sokamutil txikiak ibili dira sokan. Ondoren, gaztetxoenen gozamenerako zezen txikiak eta pottokak izan dira herriko plazan, eta ikusmin handia sortu dute. Eguerdian ateri zegoela-eta haur mozorrotuen desfilea ohi bezala alde zaharreko kaleetan egitea erabaki dute, festa Izarraitz pilotalekura eraman ordez. Gaurkoan ere guraso askok hartu dute parte haurren desfilean. Baina desfilea behar bezala bukatzeko aukerarik ez da izan, euria hasi baitu. Horrela, desfileko parte-hartzaileak plazara iritsi orduko arkupetara jo dute aterpe bila. Azpeitiko Musika Bandakoek eta txilibiteroek plazako kioskoan pieza batzuk jo eta segidan kalejirari ekin diote berriro. Asteartean, festaren segida Bihar goizean goizetik festa giroa izango da Azpeitian. Seietan goiz eresia izango da, eta sokamuturra izango da ondoren. Eta, arratsaldean, berriz, 16:30etik aurrera sokamuturra ibiliko da Azpeitiko Alde Zaharreko kaleetan zehar, Arno ganadutegiko zezenekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide