Lagun Onak Mendi Bazkunak bosgarren urtez jarraian antolatu du Izarraitzeko igoera bertikala, Zuzenien lasterketa. Martxoaren 3an jokatuko dute proba, eta antolatzaileek dagoeneko zabaldu dute izena emateko epea. Parte-hartzaileek otsailaren 27ra bitartean izango dute inskribitzeko aukera, eta elkarteak ohartarazi du epez kanpo ez dutela izenik onartuko. Internet bidez egin daiteke,
www.kirolprobak.com edo
lagunonakmb.org webgunean. Mendian federatuek eta gainontzekoek hamabost euro ordaindu beharko dute.
Xoxotera bidean 2,8 kilometrotako ibilbidea egingo dute parte hartzaileek. (Nerea Uranga/Hitza)
Bertikaltasuna ezaugarri
Zuzenien Euskal Koparako proba puntuagarria da. Igoera gogorra izango dute korrikalariek 2,8 kilometrotako ibilbidearen baitan, Xoxotera iritsi arte.
Lasterketa10:00etan hasiko da, Ezkerretegitik, baina parte hartzaileek 08:30etik 09:30era bitartean jasoko dituzte dortsalak, Azpeitiko plazan, eta horiek eskuratzearekin batera ordainagiria aurkeztu beharko dute. Federatutakoek txartela ere erakutsiko dute.
09:45erako, berriz, irteera puntura agertzen hasi beharko dute, bakoitzari dagokion ordua baino bost minutu lehenago bertan egon daitezen. Bestela, azken postuetan irtengo dira. Zuzenien erlojuaren kontrako proba izanik, korrikalariak 30 segundutik behin aterako dira.
Sariei dagokienez, lehenengo emakumezko eta gizonezkoak 300 euro irabaziko ditu; Bigarrenak, berriz, 200 euro, eta hirugarrenak eta laugarrenak, 100 euro eta 50 euro, hurrenez hurren. Halaber, parte hartzaile guztiei produktuz betetako poltsak banatuko dizkiete, eta sariak zozketatuko dituzte.
Egun, Aitor Osak eta Ana Condek dute Zuzenien proban marka onena, 26:42 eta 33:48 denborarekin, hurrenez hurren. Aurreko urtean, Ionut Zunca (29:19) eta Oihana Kortazar (36:17) izan ziren irabazleak.