Iazko inauteri asteartean, zezena herriko plazan. (Nerea Uranga/Hitza)
Azpeitiko inauterietan mozorro festarekin batera, sokamuturra izaten da, beste hainbatetan bezala, jaietako hitzordu garrantzitsuenetakoa herritarrentzat. Zezenaren bueltan hainbat ekitaldi ere antolatzen da: haurrentzako sokako zezena eta argazki lehiaketa besteak beste.
Hala, igandetik asteartera bitartean, inauterietako sokamuturraren inguruko argazki lehiaketa, Imanol Elias Saria, jokatuko da; 34. urtez. Azken urteetan, lehiaketa Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatu ohi du.
Argazkiak zuri-beltzean atera behar dira eta egile bakoitzak sokamuturrari buruzko eta 20x30 zentimetro neurria duten bost argazki aurkezteko aukera izango du. Inauterietan ateratako argazkiak gero Azpeitiko Argazki Elkartera bidali beharko dira, hilaren 28rako.
Bost sari banatuko dituzte argazki onenen artean, martxoaren 16an. Sokamuturraren inguruko argazkiez gainera, Iñaki Joaristi
Altzarte Sari berezia ere banatuko dute argazki elkartekoek, inauterietako jai giroaren ingurukoa. Sariketan parte hartzeko, partaide bakoitzak bi irudi bidaltzeko aukera izango du. Kasu honetan ere, otsailaren 28rako helarazi behar dira irudiak argazki elkartera.
Bisita berezia
Inauterietako sokamuturrean argazki andana ateratzeko aukera izango dute argazkizaleek. Aurten, gainera, Elegante Eguneko sokamuturrean Herrialde Katalanetako Chiva herritik etorritakoak izango dira. «Orain dela lau urteko karnabaletan ere etorri ziren Chivakoak Azpeitiko sokamuturrera eta gustatu egin zitzaien. Aurten, ekainean, Chivan sokako zezenaren inguruko jaialdi bat antolatzekoak dira eta Azpeitiko sokamuturra eraman nahi dute hara, erakustaldi modura. Hau da, hemengo zezenak hara eraman eta hemen sokamuturra nola egiten den erakutsi nahi dute», azaldu du Mikel Odriozola Zezen Beltz taldeko kideak.
Chivakoak bihar arratsaldean etorriko dira Azpeitira eta igandera bitartean bertan egongo dira. «Ekainean han egin nahi duten Azpeitiko sokamuturraren erakustaldiaz hitz egitera eta kontuak lotzeko asmotan datoz», adierazi du Odriozolak.
Igandean, Elegante Egunez, Bergarako Zezenak ganadutegiko zezenak ibiliko dira sokamuturrean; astelehenean, Albizukoak; eta asteartean, berriz, Arnokoak.
Laguntzeagatik eskerrak
Sokamuturrean jasotzen duten laguntzagatik, sokamutilek aldez aurretik eskerrak eman dizkiete udalari, DYAri, zezenean edatekoa eta jatekoa ematen dietenei (besteak beste Zokoa soziedadeari txorizoa eta txotxagatik, Lagun Onak mendizaleetako tabernari garagardoagatik, Xiriako gozotegiari txokolateagatik, Milari bizkotxoagatik eta edaria ematen dieten beste soziedadeetako lagunei), sokamuturzaleei eta beste hainbati.
«Asko eskertzen baita herritarrek edaria eta jatekoa ematea».
Dokumentala salgai
Zezen Beltz elkarteak salgai jarri ditu
Azpeitiko sokamuturra. Soka ez da eten dokumentaleko ale batzuk Juantxo Txiki eta Eguzkitza tabernetan, 3 eurotan. 2011ko otsailaren 26an aurkeztu zuen lana, eta 1.000 aleko tiradatik 850 salduta daude. Hasierako 10 euroko prezioa 3ra jaitsi du orain.