Inauterietako hiru egun nagusietan bandakoek eta txarangek girotuko dituzte kaleak. (Nerea Uranga/Hitza)
OTSAILAK 8, OSTIRALA
- 09:00. Iraurgiko haur eskolakoek mozorro festa hasiko dute.
- 15:00. Iraurgiko Haur Hezkuntzako ikasleek inauterietako festa, dantzak eta desfilea egingo dituzte Milagrosa ikastetxearen atarian. Gero, San Martin egoitzara joango dira kalejiran. Iraurgiko Lehen Hezkuntzakoek ekitaldiz betetako festa egingo dute, buruhandiekin, Betharramen.
- 15:30. Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain inauteri festa ospatuko dute. Lehen Hezkuntzakoek Perdillegin eta Haur Hezkuntzakoek Euskal Herria auzoko eraikinean. Mozorro desfilea, karaokea, zezena eta buruhandiak izango dituzte.
- 18:30. Euskal Inauterietako desfilea eta dantzak, Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatibakoek antolatuta. Olazko Andre Mariaren plazatik irtenda. Dantzak herriko plazan, parroki aurrean, Perez Arregi plazan, Plaza Txikian egingo dituzte. Kalejirari bukaera herriko plazan emango diote.
OTSAILAK 9, LARUNBATA
- 22:30. Azpeitiko Musika Banda, KBEAT eta Olatz Prat-ren eskutik berbena dantzaldia, Sanagustin kulturgunean.
OTSAILAK 10, IGANDEA. ELEGANTE EGUNA
- 09:00. Izarraitz Txistulari Taldearen goiz eresia.
- 11:00. Azpeitiko Musika Bandaren eta Biasteriko dultzaineroen goiz eresia.
- 12:00. Sokamuturra, Bergarako Zezenak ganadutegiko zezenekin. XXXIV. Sokamuturra Argazki Lehiaketa Imanol Elias sariaren hasiera, Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatuta.
- 12:30. Eleganteen pasiera eta Itsasi taldekoen Artzai-inudeen eta danbor-joleen kalejira. Juan Antxieta Musika Eskolako txistulariek ere hartuko dute parte.
- 15:00.Herriko plazan luntxa.
- 16:00. Puru-piztea eta dultzaineroen kalejira.
- 16:15. Izarraitz txistulari taldekoek eta Azpeitiko Musika Bandakoen emanaldia, zezenaren irteera iragarriz. Segidan, txistulariek zezenak egingo duen ibilbide bera egingo dute.
- 16:30. Sokamuturra. Bergarako Zezenak ganadutegiko zezenekin.
- 19:30-23:30. Incansables eta Gaur Argi txarangen kalejira.
OTSAILAK 11, ASTELEHENA. MOZORRO EGUNA
- 10:00. Izarraitz Txistulari Taldearen goiz eresia.
- 11:00. Sokako zezena haurrentzako, Erdikalean. Segidan, zezen txikiak eta poniak, herriko plazan. Albizu ganadutegikoak.
- 12:00. Herriko Banda Gaztea eta Txiribiteroen kalejira.
- 12:30. Haur mozorrotuen desfilea, erraldoi eta buruhandiekin, Herriko Banda Gaztearekin, txiribiteroekin eta Azpeitiko Musika Bandarekin. Bukaeran, herriko plazan haurrentzako gozokiak banatuko dira eta dantzaldia eta jolasak izango dira.
- 16:15. Izarraitz txistulari taldekoek eta Azpeitiko Musika Bandakoek hainbat doinu joko dute. Gero, txistulariek zezenak egingo duen ibilbide bera egingo dute, kalerik kale txistua joz.
- 16:30. Sokamuturra. Albizu ganadutegiko zezenak.
- 19:30. Azpeitiko Musika Bandaren kalejira.
- 19:30-23:00. Urolatarrak txarangak kaleetan.
- 20:00. Baigera Erretiratuen Elkarteak antolatuta Inauterietako afaria. Dagoeneko bertan izena emateko epea bukatuta dago.
- 23:00. Itsasi taldeko ttuntturroen kalejira eta helduen mozorro lehiaketaren hasiera.
- 23:00. Los Pasai txaranga eta Brincadeira taldeak ibiliko dira kalerik kale.
- 01:30. Mozorro lehiaketako sari banaketa..
- Jarraian. Sanagustin kulturgunean DJ emanaldia.
- 02:00. Los Pasai txarangaren emanaldia, herriko plazan eta kaleetan.
OTSAILAK 12, ASTEARTEA
- 06:15. Azpeitiko Musika Bandaren goiz eresia.
- 06:45. Zezenaren irteera iragarriz, Izarraitz txistulari taldearen eta Azpeitiko Musika Bandaren emanaldia.
- 07:00. Sokamuturra. Arno ganadutegiko zezenak.
- 12:00. Herriko Banda Gaztearen kalejira.
- 16:00. Haurrentzako jolasak eta parkea, Olazko Andre Mariaren plazan.
- 16:15. Izarraitz txistulari taldekoek eta Azpeitiko Musika Bandakoek hainbat doinu joko dute. Gero, txistulariek zezenak egingo duen ibilbide bera egingo dute, kalerik kale txistua joz.
- 16:30. Sokamuturra. Arno ganadutegiko zezenak.
- 20:00. Inauteriei bukaera emanez suzko zezena, herriko plazan.
Bihartik inauteri giroa nagusituko da Azpeitian. Bihar, ikastetxeetan inauteri festak egingo dituzte ikasleek mozorrotuta. Azken urteotan bezala, Azpeitiko Ikastola Ikasberrikoak Euskal Inauterietako kalejira eta dantzak egingo dituzte, 18:30ean Olazko Andre Mariaren Plazatik abiatuta. Ordutik aurrera, asteartea bitartean, mozorro festak eta sokamuturra izango dira festaren oinarriak.
«Aurreko urteetan baino gutxiago gastatuta» antolatu ditu udalak aurtengo inauteriak, Mikel Ibarzabal Festa batzordeburuaren esanetan. «Gutxiago gastatuz, baina jendearen parte hartzeari esker aterako dira festak ondo», gaineratu du.
Azpeitiko inauteriak festa herrikoiak dira, eta jende askok hartzen du parte Elegante Egunean dotore jantzita edota mozorro festan aterata. Nola ez, sokamuturrean ere jende asko ibiltzen da inauterietako hiru egunetan.
Kanpotik etorritako txarangek eta Azpeitiko Musika Bandak, Izarraitz Txistulari Taldeak, Ttuntturroek, Herriko Banda Gazteak eta Juan Antxieta Musika Eskolako ikasleek girotuko dituzte Alde Zaharreko kaleak egunotan. Horiez gain, Kataluniako Brincadeira perkusio taldearen emanaldia izango da kalean. «Giran datoz Euskal Herrira eta Azpeitian jotzea eskaini ziguten», dio Ibarzabalek.
Aurtengo inauteriek aurrekontu txikiagoa izango badute ere, helduen mozorro lehiaketako sariak mantentzeko ahalegina egin du udalak. Banakakoetan hiru sari banatuko dituzte, eta taldeen artean lau.