Matxinbentan astebete aurreratu dituzte santagedak, inauteriengatik

Urola Kostako Hitza 2013ko ots. 1a, 11:31

Matxinbentan santaeskean (Argazkilaria: Ibon Errazu) Santa Ageda egunaren bueltan, kopla doinuak izango dira nagusi eskualdeko herrietan. Azpeitiko Matxinbenta auzoan Santa Ageda festak ospatuko dituzte gaur bertatik hasita. Aurten Santa Ageda egunaren aurreko astebururako prestatu dituzte ekitaldi gehienak, hurrengoan inauteriak direlako. Matxinbentako Festa Batzordeak adierazi du taldearen helburua jaiei eustea dela, eta, horregatik, ohiko ospakizunak izango dira aurtengoan. Urtero bezala, Mus Txapelketarekin hasiko dira jaiak, eta Beheko Taberna izango da auzotarren topagune nagusia santagedetan. Matxinbenta auzoa hiru udalerritan banatuta dago: Azpeitia, Beasain eta Ezkio Itsaso. Udal horetatik festak antolatzeko jasotzen dute diru-laguntza. Horrez gain, ordea, ekitaldi guztiak antolatzeko beste diru iturri bat behar izaten dute. Horregatik, auzoko baserrietako produktuekin osatutako otarrak zozkatuko dituzte festetan. Iganderako egun osoko egitaraua antolatu dute. Eguerdira artean, meza, haurrentzako jolasak eta esku pilota partidak izango dira Matxinbetan. Arratsaldean, berriz, herri kirol jaialdia egingo dute. Auzotarrek Santa Eskean aterako dira astelehenean, eta eskualdean zehar ikastetxeetako ikasleak eta irakasleak ere ibiliko dira kantari kaleetan eta baserriz baserri.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide